Tuesday 19 May 2009

«Ez dut arrazionalizatzen egiten dudana, ez baitut eskultura arrazionalki ikasi»

Antton Pochelu, eskulturgilea.



Egurrez, abereen hezurrez eta kobrez eginiko 20 bat pieza ditu ikusgai artista nafarrak Baionan. Mendietan topaturiko gaiekin, kalean ikusitakoa islatu nahi izan ditu, tartean aterperik gabeko pertsonak.

Bere kabuz ikasi du eskulturgilearen lana Antton Pocheluk (Amikuze, Nafarroa Beherea, 1947). Berezko talentu horren erakusgarri, 20 bat piezako eskultura bilduma jarri dute maiatzaren 30a arte, Baionako Elkar Megadendan.

Urte asko daramazu eskulturak egiten, baina gutxitan erakutsi dituzu. Zergatik?

Liburu saltzaile izan naiz beti, lanbidez. Hamar urte egin nuen horretan, lehenbizi, Hazparnen; eta, gero, beste 21 urte, Baionan. Jesus Etxeberriaren eta Pantxoa Santesteben eskulturak ikusi nituen. Horiek erakarri ninduten artera. Duela 30 urte hasi nintzen eskulturan, emaztea alaba zaharrenaz haurdun zelarik. Ez dut asko produzitu, dena den, Baionan lan handia izan dudalako. Nire erritmoan aritzen naiz. Orain erretiratu naizela, lan gehiago egin dut eskulturan.

Zura da zure eskulturen gai nagusia, baina animalien hezurrak ere erabiltzen dituzu. Zer esateko?

Mendian ibiltzen naiz asko, baina ez naiz piriniozale edo himalayazalea. Inguruko mendietan ibiltzen naiz, gizakien mendiak ditudalako gustuko. Artzainak dabiltzan lekuetan hezur asko izaten dira. Horiek kausitu eta ideiak bururatu izan zaizkit, eskulturak egiteko. Niretzat hezurra ez da gauza makabroa, baizik eta gai bat. Inuitek asko erabiltzen zutela ikusi nuen, eta saiatu behar nintzela pentsatu nuen. Nik ez dut arrazionalizatzen egiten dudana, ez baitut arrazionalki ikasi.

Ibilaldietan aurkitzen dituzun beste gaiak ere erabiltzen dituzu eskulturetan?

Kobrezko bi pieza ditut, oihanean atzemandako kable batzuekin eginikoak. Bertsolari bat irudikatu dut, eta tripan burdinazko iltze handi bat sartu diot, Izuran bidean aurkituriko Erdi Aroko iltze buru handia. Bertsolariaren estutasuna agertu nahi izan dut, haren barneko mina.

Menditik kalera egin duzu erakusketan, etxerik gabeko pertsonen inguruko irudiak jarri dituzu Elkarren.

Aterperik gabekoak ikusten nituen egunero dendaren aurrean, euren zakurrekin. Horien zikinkeriak garbitu behar izaten nituen egunero denda ireki aurretik; 21 urtez ibili nintzen hala. Horiek positiboki ikusteko egin nituen eskulturak. Niretzat galdera handia dira pertsona horiek: zer dira? Nola bizi dira? Zer gertatu zaie horrela bizitzeko? Metro bateko piezak egin ditut, bat txakurrarekin, beste bat eskean. Badoaz, baina nora?

No comments:

Post a Comment