Friday 22 May 2009

«Zientziak ez du inoiz dena jakingo; dugun guztia erabili behar dugu bidea topatzeko»

Stuart Kauffman, biologoa.



Darwinen selekzio naturalaren garrantzia auzitan jartzeagatik ezaguna da zientzialari eta filosofo estatubatuarra. Bizitzaren jatorriaren inguruan mintzatuko da gaur Donostiako Aquariumean.

Lur planetan bizia nola sortu zen ikertzen du Stuart Kauffman biologo estatubatuarrak (1939). Darwinen ondarearen inguruan mintzatuko da gaur, 19:00etan, Donostiako Aquariumean. Sandra Mitchell eta Peter Schuster zientzialariekin partekatuko du mahaia. Ekitaldi irekia izango da, eta bizitzaren jatorriaren inguruko munduko aditu nagusietako hiru elkartuko ditu.

Zientzialari gutxi ausartzen da 'sakratu' hitza erabiltzen, baina zuk liburu bat argitaratu zenuen iaz zientziaren bestelako ikuspegia behar dugula azaltzeko. Zerk bultzatu zintuen gaiari heltzera?

Hainbat arrazoik bultzatu ninduten. Richard Dawkinsek The God Delusion liburuan gauza zuzen bat esaten zuen: ez dugu naturazgaindiko jainko batean sinestu behar gizaki moralak izateko. Hau da, ongi dago humanista sekularra izatea. Baina gauza oker bat esaten du: jainkoan sinesten baduzu, txatxua zara. Munduan milioika pertsonek sinesten dute jainko mota batean edo bestean; baina, lehen munduan, espiritualtasuna galdu dugu, eta sinestea ez dela oso itxurosoa esan digute. Etikoki eta moralki bidea galdu dugu. Sakratutasuna berriz asmatu nahi izan dut.

Zure ustez, unibertsoan gertatzen den guztia ezin da lege naturalen arabera deskribatu.

Descartestik Schroedingerreraino pentsatu dugu hori, eta fisikan balio duela dirudi. Ez da egia, ordea, biologiaren, kulturaren edo ekonomiaren eboluzioaz ari bagara. Horietan, legearen ordez sormen harrigarria dago. Horrek bultzatu du bizitzaren eboluzioa. Biosferaren etorkizunean ez dakigu zer gertatuko den, are gutxiago, ez dakigu zer gerta daitekeen ere. Teknologiaren eboluzioan beste horrenbeste: duela 50 urte norbaitek esan zezakeen Internet sortuko zenik ere? Hau muturreko idea da, esan nahi duelako biosferaren eboluzioak ez duela guztiz jarraitzen inongo legerik, eta, ondorioz, esan nahi duelako Galileo, Newton eta Einsten oker zebiltzala. Beraz, ez badakizu zer gerta daitekeen, uste al duzu arrazoimena nahiko gida dela zure bizitza bizitzeko? Zientziak ez du dena jakingo, beraz daukagun guztia erabili behar dugu gure bidea topatzeko, emozioa, intuizioa, irudimena eta, batez ere, metafora. Amaigabeko sormenarekin bizi gara, beraz. Bizitza osoa da sormen hori, eta bizitza osoari baietz esatera gonbidatzen gaitu horrek.

Baina jende askorentzat ikuspegi hori beldurgarria da. Nola bihurtu kaosa sakratu?

Naturaz gaindiko jainkoan sinesten baduzu, berdin duzu gaitzaren arazoa. Gauza onak eta txarrak gertatu gertatzen dira. Itxaropenerako arrazoiak daude, zer edo zer zoragarria gertatzen ari dela uste dut. Bioesferak eboluzionatu ahala, organismoen aniztasuna eta izakien konplexutasuna handitu egin dira, eta, horren ondorioz, elkarrekin lan egiteko ditugun moduak handitu egin dira, elkartasuna, alegia. Ekonomian hala dela uste dut, eta espero dut hala izatea kulturan ere, elkar hil baino lehen. Holokaustoa eta Ruandakoa gertatu ziren, baina itxaropenerako lekua badago, zer edo zer txarra gertatzen bada, aukera izugarriak daudelako horri buelta emateko. Nik Jainko sinboloa erabiltzen dut, unibertsoaren sormen naturala adierazteko. Nire lagun Gordon Kaufmanek dio: «Misterioaren aurrean bizi gara». Kirkegaardek esan zuen: « Gure bizitzak aurrerantz bizi ditugu». Eta Nietzschek: «Jakingo bagenu bezala bizi gara». Ez duzu zure bizitza ondorioztatzen, bizi egiten duzu. Beldurgarria da, ez dakigulako, baina boterea ematen digu, irekita dagoelako. Agian oker naiz, baina egia bada, aldaketa izugarria da zientziaz eta moralaz dugun ikuspegian.

Ez badakigu zer gerta daitekeen, zer egin dezakegu klima aldaketa edo krisiaren aurka?

Arrazoi handia duzu horretaz kezkatuta egoteko. Aukerak handitzen dira konplexutasuna areagotu ahala. Ekonomian errazagoa da egun ondasunak eta zerbitzuak sortzea duela 5.000 urte baino. Errazagoa da zer edo zer asmatzea orain orduan baino. Egun oso azkar asmatzen dugu, eta oso zaila da egiten dugunaren ondorioak ulertzea. Ez dakigunean zer gerta daitekeen, gauza bakarra egin dezakegu: dakigunaren araberako gauzarik hoberena egitea. Agian oker egongo gara, baina hoberena egitera behartuta gaude. Beti izan da horrela.


No comments:

Post a Comment