Thursday 14 May 2009

«Gizonezko zaharkituak fabrikatzen ari gara, gerrarik gabeko gerlariak»

Marina Subirats, soziologoa.



Gaurko gizontasun eredua kaltegarria da gizonentzat, emakumeentzat eta, batez ere, mutilentzat; beste bat behar dela azalduko du soziologo katalanak gaur, Iruñean.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologia katedraduna da Marina Subirats. Europako Batasuneko Aukera Berdintasunerako Batzordeko presidentea izan zen 1995ean. La construcción de nuevas masculinidades: una tarea imprescindible hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Iruñeako Gurutzeko plazako institutuan.

Gizontasun ereduak zaharkituta geratu direla diozu. Nola heldu zara ondorio horretara?

Soziologo gisa urteetan izan dut buruan galdera bat: nola liteke gaur munduan gizonezkoak menperatzaile izaten jarraitu eta, aldi berean, euren bizi-itxaropena emakumeena baino laburragoa izatea? Historian, oro har, menperatzaileak beti luzeago bizi izan dira, bizi kalitate hobea dutelako. 1920. urtetik hona, ordea, emakumeen bizi-itxaropena gizonezkoena baino gehiago luzatu da. 2005ean, soilik bi herrialdetan jarraitzen zuten gizonezkoek gehiago bizitzen: Nigerian eta Zimbabwen.

Osasungintzan eginiko aurrerapenek erditzerakoan heriotzak gutxitu izanak ez du hori azaltzen?

Ez erabat. Gizon eta emakumeen heriotzetan ezberdintasun handiena gaztaroan gertatzen da, 15-30 urte artean. Adin horretan hiltzen den emakume bakoitzeko, hiru bat gizon hiltzen dira. Beraz, ez dira kausa naturalak. Norbere burua arriskuan jartzearen ondorio dira: istripuak, droga, hilketak, suizidioak...Hori gertatzen da gizonezkoek oraindik izan behar dutelako ausarkeria eta borrokarako joera; gaur Mendebaldean zentzurik ez badu ere, gizarteak ez duelako eskatzen.

Zergatik moldatu dira hobeto emakumeak gizarte aldaketara?

Errazago jarri dituztelako zalantzan rol tradizionalak, talde menperatzailea ez zirelako. Gizonezkoek, ordea, ez dute euren eginkizuna zalantzan jarri, eta, ondorioz, ez dira moldatu.

Zure ustez, horregatik dituzte mutilek emaitza txarragoak hezkuntzan?

Langile mailako mutilei gehiago kostatzen zaie ikasle onak izatea onartzea, hori nesken kontua dela uste dutelako. Hori klasikoa da. Horrez gain, ikusten dute gaur dirua etxera gizonek zein emakumeek ekartzen dutela, eta, ondorioz, lausotzen ari da gizonek familian duten eginkizuna.

Emakumeen aurkako indarkeria ere gizontasunaren krisiaren ondorio dela uste duzu?

Bai. Beti egon da emakumeen aurkako indarkeria, baina hau, bistan da, mutilei transmitituriko indarkeriarako joeraren ondorioa da. Indarkeria honen kosturik handiena, halere, gizonezkoek beraiek ordaintzen dute, heriotza, gaixotasuna eta ondoezarekin. Gizonezko zaharkituak fabrikatzen ari gara, gerrarik gabeko gerlariak, eta horrek kostu handia du.

Gizontasun berria behar dela diozu, baina nolakoa izango da: gizonen emakumetzea, azken finean?

Bai. Baina horrek ez du esan nahi emakumeen berdinak izango direnik. Lehen gizonezkoenak ziren jokabideak geure gain hartu ditugu emakumeok: lanean, gidatzean, kirolean, janzteko orduan... Horregatik ez diogu emakumeak izateari utzi. Lehengo emakumetasuneko gauza batzuk gizontasuneko osagai batzuekin nahastu ditugu. Norberak bere errezeta egiten du. Gizonezkoak, oro har, eredu zaharrarekin geratu dira. Gauza batzuk galdu beharko dituzte: indarkeria, esaterako, gizartearentzat arriskutsua delako. Eta beste batzuk hartu beharko dituzte: enpatia, errukia, besteak zaintzeko nahia...

Ez da oso aldaketa geldoa izango?

Azkartu egingo da, portaerak galdu egiten direlako gizarteak eskatzen duenarekin bat ez datozenean. Gizonezkoek egin behar dute aldaketa, guk ideia batzuk eman ditzakegu, prozesua lehenagotik ezagutzen dugulako. Gizontasun eredu bat baino gehiago egon beharko da, halere, bizitzako fasearen arabera eta pertsona bakoitzaren gustu eta nahiaren arabera.

No comments:

Post a Comment