Friday 15 May 2009

«Ni itzultzailea naiz, eta kultura latino-txikanora itzultzen dut Elvisen lana»

El Vez, musikaria.



Elvis Presleyren imitatzaile lehiaketa batean El Vez pertsonaia asmatu zuen Robert Lopez kaliforniarrak. Dagoeneko hogei urte daramatza AEBetako kultura eta politika parodiatzen. Gaur Andoainen izango da.

Aitona-amona mexikarrak zituen Robert Lopezek (Chula Vista, Kalifornia, 1960), baina Mexikoko gaztelaniaren doinua imitatzen ikasi behar izan zuen, El Vez pertsonaia asmatu zuenean. Hogei urte daramatza dagoeneko Elvis Presley parodiatzen. Halere, Elvis txikanoa baino gehiago da El Vez: AEBetako kultura eta politika finki larrutzen dituen showman erabatekoa. El Vezen jai ikusgarriaz gozatzeko aukera egongo da gaur, 22:00etan, Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa).

Inoiz pentsatu al zenuen El Vez pertsonaiak horrenbeste urte iraungo zuela?

Ez. Menphiseko Elvisen astean lehen aldiz egin nuenean, neure buruarentzat antolaturiko txantxa izan zen. Hainbat taldetan jotzen aritu ondoren, arte galeria bat zuzentzen ari nintzen, eta norbaitek Elvisen imitatzaileen lehiaketaz hitz egin zidan. Sartzea lortu nuen, eta behin egingo nuela pentsatu nuen eta kito. Baina elur bola bihurtu zen... Los Angeles Times egunkarian agertu nintzen, telebistatik deitu ninduten... Aukerak heldu zitzaizkidan, eta ezin nituela pasatzen utzi pentsatu nuen. Horri esker leku exotiko ugari ezagutu ditut.

Baina Elvis AEBetako hegoalde zuri eta matxoaren ikurra da, nolabait ere. Zergatik aukeratu du mexikar jatorriko homosexual batek ikur hori?

Barre egiten diot Elvisi, baina maitasunarekin. Izan ere, zer edo zer ondo parodiatzeko, maitatu egin behar duzu.

Nola heldu zinen Elvisen imitatzaile izatetik kultura eta politika kritikari izatera?

Ni itzultzailea naiz, Elvisen lana latino-txikano kulturara itzultzen dut. Ez dut imitatzen, indar hura hartu eta beste forma bat ematen diot. Elvis nire tresna da. Latinoak ez dira, halere, nire helburua. Harago jotzen dut: politika, Elvisen mitologia, latinoen folklorea eta Las Vegas jorratzen ditut aldi beran. Egia da, entzule guztiek ez dute salda horretan dagoen guztia harrapatzen.

Zuretzat ere erronka izango zen, espainolez ez duzulako egiten.

Dakidana institutuko azken urtean ikasi nuen. Gaztea nintzenean, halere, askotan joaten nintzen Mexikora, sustraien bila edo. «Noraino naiz estatubatuarra eta noraino mexikarra?», galdera esploratzen ibili nintzen. El Vez da esplorazio horren azken urratsa.

Bushek aukera handiak ematen zizkizun AEBetako politikaren parodia egiteko. Penaturik zaude dagoeneko presidente ez delako?

Azken urteotan asko landu ditut Bushen aurkako mezuak, eta, azken finean, lasaiago nago orain, halakorik egin behar ez dudalako. Halere, etorriko dira gaiak. Obama berria da oraindik, baina helduko da horretaz jarduteko aukera geroago. Krisia eta planetaren berotzea hor ditut. Milaka arazo ditut aurrean, abesti eta dantzaren bidez agertokian jartzeko. Edonola ere, ikuskizunean gai ilun horiek jorratzen baditut ere, itxaropena da mezu nagusia.

Zelako ikuskizuna prestatu duzu Andoainerako?

Bi korista eta Menphis Mariachis taldearekin arituko naiz. Baxujotzaile berria dugu. Abiadura handiko ikuskizuna izango da: Jimi Hendrix izango dugu, Tin Tin, Lou Reed, David Bowie, The Screamers... Halere, ustekabea garrantzitsua da, gustuko dudalako jendeak ez jakitea zer gertatuko den ondoren. El Vez bizirik dago.

No comments:

Post a Comment