Saturday 23 May 2009

«Woodstock une utopikoa izan zen, eta hori partekatu nahi dut nire irudiekin»

Elliott Landy, argazkilaria.





Woodstockeko Jaialdiko argazkilari ofiziala izan zen Elliott Landy (New York, AEBak, 1942). 1969ko abuztuaren 15etik 18ra, dozenaka argazki atera zituen, XX. mendeko musika herrikoia aldatu zuen jaialdi erraldoian. Elliott Landyren argazkiak daude ikusgai Bilbon.



Zu oraindik bizi zara Woodstocken. Garai hartan harrapatuta geratu zinen?


Hala bada, zorionekoa ni. Garai zoragarria hura, han harrapatuta geratzeko. Baina erantzun serioa nahi baduzu, esango dizut ni Woodstocken bizi nintzela jaialdia baino lehen. Eta ordurako ezaguna nintzela, Bob Dylan eta taldeari eginiko argazkiengatik, hemen bizi zirenean.


Garai haien lekuko pribilegiatua izan zinen. Zer geratzen da gaur bizirik Woodstock eta, oro har, 1960ko hamarkadatik?


Zaila da esatea noiz hasi zen iraultza, 1960ko hamarkadakoa ez baitzen berria izan. Antzinako tradizioetatik hartu zen garai hartan, ekialdeko mistizismotik eta juduen mistikatik. Dena den, 1960ko hamarkadak erakutsi zigun jendea elkar zitekeela, eta gizartea aldatu. Woodstock adibide izan zen, erakusteko gauzak nola izan zitezkeen, logika aldetik ez buru eta ez hankarik izan ez arren. Orduko ideiak oso lotuta zeuden espiritualtasunarekin, ez erlijioarekin. Karmaren ideia orduan zabaldu zen, hau da, egiten duzuna bueltan etorriko zaizula. Irakurri berri dut AEBetako soldaduen kontra Afganistanen erabiltzen duten munizio gehiena AEBetan eginikoa dela. Mugimendu ekologista, homosexualen eskubideen eta emakumeen askapen mugimenduak orduan hasi ziren.


Haatik, askok deitoratu egiten dute garai hartako bizimodua. Esaterako, zuk hiru egun haietan erretrataturiko bi, Janis Joplin eta Jimi Hendrix gazte hil ziren.


Ez dago zer deitoratu. Haien arazoak ospearekin zuen zerikusirik. Oso ospetsu den jendearekin gertatzen da hori, beti. Hollywoodeko izar gehienak alkoholikoak ziren, 1920an zein 1950an. Oso zaila da ospeari aurre egitea, ez dizutelako inon irakasten. Janis Joplinek ospetsu izan baino lehendik zituen arazoak alkoholarekin. Ez dut uste 1960ko hamarkadak hori okertu zuenik, are gehiago, nire ustez, garai hark eman zion bizipoz apur bakarra.


Zu han izan zinen, gu ez, baina zure argazkiak ditugu. Zer sentitu beharko genuke irudiei begira?


Ezer baino lehen, espero dut jendeak irudien kalitatearekin disfrutatzea: konposizio atsegina, kolore atseginak... Begien esperientzia hitzetatik harago dago, eta hori da lehena argazki batean. Gero dator ikustea nor dagoen argazkian. Woodstock une utopikoa izan zen. Espero dut argazkiok jendeari helaraziko dietela norberaren bizitzan esperientzia utopikoa izatea posible dela. Izan ere, horretan datza artearen funtsa, partekatzean, eta nik une utopiko hura partekatu nahi dut han egon ez zirenekin.

No comments:

Post a Comment