Sunday 14 June 2009

«Beat kultura bizirik dago, eta nire lagun askok horri eusten diote, jakin gabe»

Jolie Holland, musikaria.




Tom Waits du zaleen artean Texasko kantariak. Gaur Donostian eta bihar Bilbon arituko da, bere denboraz gaindiko kantak taularatzen eta 'The Living and The Dead' azken diskoa aurkezten.

Folka, countrya, jazza eta bluesa nahasten ditu Jolie Holland musikari estatubatuarrak (Houston, 1975). Tom Waits du zaleen artean, eta haren zigiluan grabatzen ditu diskoak. The living and the Dead diskoa aurkeztuko du gaur, 20:00etan, Gazteszenan, Mursegorekin. Bihar, Bilbon joko du, 20:00etan, Abokatuen Elkargoan eta doan.

Irailaren 11n jaio zinen. Zer edo zer esan nahi du horrek zuretzat?

Esan nahi du 26 urte bete nituenean urteurren ikaragarria izan nuela. Orain, gainera, New Yorken bizi naiz, eta oso berezia izaten da urtebetetzea. Jende askoren bizitza aldatu zen, mundu osoan.

Beti izan duzu lotura handia AEBetako beat belaunaldiarekin. Zerk lotzen zaitu, Allen Ginsbergekin, Jack Kerouacekin eta, batez ere, William Burroughsekin?

Amets bitxia izan nuen behin: Joan Burroughs nintzela. Hamar urte geroago, Tom Waitsek eskatu zidan Joan antzezteko Burroughsekin egin zuen musikalean. Abesti bat idatzi nuen haren inguruan.

Joan Vollmer emaztea hil zuen Burroughsek tiroz, Mexikon, 1951. urtean, jolas batean. Harekin identifikatzen zara?

Ez dakit. Haiek ameriketako kulturaren adierazpena dira, eta halako pertsonaiak oraindik badabiltza inguruan. Kultura hori bizirik dago, eta jende hori nire lagunak dira. Nire lagunetako askok ez dakite ezer beat haien inguruan, baina kultura hura bizi dute. Beat haiek izarrak ziren, azken finean, baina jende asko dago gaur kultura eta artea sortzen, inoiz izarrak izango ez direnak.

Joan Vollmer biktima izan zen?

Biktima izan zen, hitzez hitz, baina denok gara zer edo zeren biktima, eta ez dut uste hura berez biktima rolean jarri zenik. Oso pertsonaia interesgarria zen. Hark aurkeztu zituen Burroughs eta Ginsberg. Pentsalari garrantzitsua zen bere komunitatean.

Zure musika denboraz haragoko kutsua dutela esan dute askok. Nondik ateratzen da kutsu hori?

Konplimendutzat hartzen dut hori, musika on guztiak duelako denboraz haragoko kutsu hori. Gitarra jotzaile bat ikusi nuen atzo gauean [herenegun], eta ikaragarria zen. Jotzeko eran, eternitate kutsua zerion.

Esan zenion?

Negarra ateratzen zidala esan nion [barre]. New Yorkera etortzeko esan nion eta han kontzertu on batzuk lortuko genizkiokeela.

Kantak zeuri gertaturiko gauzetatik ateratzen dituzu beti. Agian horretan datza sekretua?

Inspiratzen nauen idazkera haiku klasikoarekin lotuta dagoela esan dezaket. Halako idazkera kultura guztietan dago, baina arreta guztia egia zuzen bat esatera bideratzen du zen haiku zaharrak. Escondida diskoko bertso bat dago, halako modu garbian idatzi nuena: The smell of burnt exhaust / Drifts into the bar / It's midnight in California / It's high noon where you are [ihes hodi erreen usaina / tabernan sartzen da / gauerdia da Kalifornian / Eguerdia zu zaren lekuan]. Une bateko esperientzia baten deskripzioa da, eta konturatu naiz kazetariek diskoko beste edozein bertso baino gehiagotan aipatu dutela. Horrek frogatzen du, halako bideek benetako eragina dutela jendearengan.

Hurrengo diskoa?

Abuztuan grabatuko dut zuzenekoa nire rock taldearekin. Portlandeko bandarekin arituko naiz, eta, beraz, litekeena da diskoari Jolie Holland and The Hunting Party jartzea, besterik gabe.

No comments:

Post a Comment