Tuesday 16 June 2009

«Ekoizle eta aktore izateko aukera ematen digu hiru dimentsioko animazioak»

Thierry Saldou eta Laurent Hiriart, artistak.




Middle Classe bikotea osatzen dute artista baionarrek. Grafitia, argazkigintza, bideoa eta animazioa jorratzen dute. Euren lana ikusgai jarri dute Donostiako Parte Zaharreko Noventa Grados galerian.

Grafitia, bideoa, argazkilaritza eta animazio lanak egiten ditu Middle Classe bikoteak. Taldeko kideak dira Thierry Saldou (1977) eta Laurent Hiriart (1978) baionarrak. Une Étrange Affaire erakusketa dute jarrita Donostiako Parte Zaharreko Noventa Grados galerian, ekainaren 27a arte. Hiru dimentsioko animazioak jarri dituzte ikusgai, tartean euren buruak protagonista dituena.

Zer da zehazki Middle Classe?

Laurent Hiriart. Duela urte batzuk antolatu nuen taldea, grafiti mundutik apur bat bereizteko. Grafitia talde bateko kide izatearen espirituan dabilela iruditzen zitzaidan, eta hori apurtu nahi nuen, nik ez dudalako neure burua talde batean ikusten.

Nola egin zenuten grafititik hiru dimentsiotako animaziorako jauzia?

Thierry Saldou. Multimediarantz egin genuen, baina baita margolaritzarantz eta diseinurantz ere; azken finean, grafikoa den oro interesatzen zaigu. 3Dak aukera ematen digu bideoaren ekoizleei eta aktoreei. Zinemako lan guztiak egiten ditugu, bion artean. Horrek esperimentatzeko aukera ematen digu.

L. H. Elkarren osagarri dira grafitia eta 3D animazioa. Laugarren dimentsioan ere badago bideoan. Niretzat irudia da, azken finean. 3Dak aukera ematen dizu irudimenezko munduak eraikitzeko.

Zuen irudimenezko mundu hori kaskezurrez, hilotzez eta irudi falikoez beterik dago. Zergatik irudiok?

T. S. Donostian jarri dugun erakusketan bi bideo ditugu: horietako batek bidaia bat kontatzen du irudi digitalekin. Unibertsoz unibertso paseatzen gara Laurent eta biok auto batean. Eros eta Thanatos agertu nahi izan ditugu. Subkontzientea eta amets erotikoak, beldurgarriarekin nahastu ditugu, sublimea eta groteskoa.

Bideo jokoen eragina sumatzen da zuen lanean

L. H. 1980-90eko kulturatik elikatu gara, eta bideo jokoak gure ibilbidearen parte dira. Ni ez naiz oso zalea dena den. Noventa Gradoseko erakusketa gorputzaren eta mugimenduaren ingurukoa da, eta hor saiatu gara mugatzen gure lana. Geure buruari barre ere egin nahi izan diogu.

Nola moldatzen zarete lan egiteko bata Baionan eta bestea Bartzelonan bizita?

T. S. Laurent askotan etortzen da Euskal Herrira, eta ni ere sarri joaten naiz Bartzelonara. Beraz, tarteka egiten dugu lan. Horrez gain, Internet bidez aritzen gara.

Jarraituko duzue hiru dimentsiotako animazioak egiten?

L. H. Niretzat interesgarriena ez du zertan 3Dak izan. Horretan hasi ginen, eta aurrera jarraitu dugu besterik gabe. Badira beste aukera asko bideoaren munduan, baina denbora behar da horiek guztiak jorratzeko. Ez gara 3Dan bakarrik zentratuko, baina jarraituko dugu ordenagailuarekin.

T. S. Gero eta gehiago arituko gara hiru dimentsiotan, horretan buru-belarri murgilduta gaudelako orain. Halere, ez dakigu zer egingo dugun gero.

No comments:

Post a Comment