Friday 12 June 2009

«Margotzen ditudan pertsonaiak itsusiak dira, gizakiok itsusiak garelako»

Barbara Stammel, margolaria.




Aspaldi bizi da Euskal Herrian artista alemaniarra, eta onartzen du hemengo gatazkak eragina izan duela bere lanean. 'Pertsonaiak' erakusketa zabalduko du gaur Urretxun, giza buruak ardatz.

Pertsonaiak erakusketa zabalduko du gaur, 19:00etan, Barbara Stammelek (Soecking, Alemania, 1960). Aspaldi bizi da Gipuzkoako Getarian, eta handik, giza buruak margotzen ditu. Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 28a arte, Urretxuko Juan Lizarazu erakustokian (Gipuzkoa).

Beti gizakien buruak margotzen dituzu, baina ez duzu erretratu konbentzionalik egiten. Nondik datoz?

Oihaletan margotzen ditudanak pertsona errealetatik ateratzen ditut, lagunak eta. Inpresioak hartzen ditut, eta handik zer edo zer orokorra ateratzen saiatzen naiz, erretratu unibertsalak egiteko. Paperean egiten ditudan lanetan, berriz, barnean ditudan pertsonaiak ateratzen dira. Aurpegia gizakiaren ispilua da, eta erretratuon bidez gu nola gauden islatzea interesatzen zait.

Zure barruan dauden mamuak dira?

Bai. Margoaren masan agertzen dira, ez dakit nola, baina bat-batean agertzen zaizkit. Zer edo zer ikusten badut, beste bat ateratzen dut eta, azkenean, sail bat daukat. Batekin ez dut nahikoa izaten: berriro saiatzea gustatzen zait, eta saioan hil.

Exorzismoa da zure margogintza?

Ez dut uste. Bana gizaki ororentzat garrantzitsua da zer edo zertan arreta osoz jardutea. Niretzat margotzea da hori, eta osasungarria zait. Izan ere, buruak bide oker asko ditu, engainatu egiten gaitu. Arretaz arituz gero, zure deabruak dagokien lekura eraman ditzakezu, buruan leku gehiegi har ez ditzaten.

Jende askok dio zure pertsonaiok izugarri itsusiak direla. Ondo hartzen duzu?

Bai. Nire pertsonaiak itsusiak dira gu itsusiak garelako; giza kondizioa itsusia da. Gizartearen lana da muga jartzea gure otso izaerari. Ez ditut geure buruak oso gizatiarrak ikusten.

Eragina izan du Euskal Herriak zure lanean?

Bai, noski. Kasualitatez bizi naiz hemen, halere. Senarra euskalduna da, eta lan arrazoiengatik bizi gara hemen. Tentsioa igartzen da hemen; egoera ez da erraza. Horrek eragin dit.

Alemanian biziko bazina, zure lanak ezberdinak lirateke?

Ez dakit. Baina uste dut beti gatazka puntuak aukeratuko nituzkeela. Han etorkinen inguruan irudikatzen dut neure burua. Pertsonaiak agertuko lirateke han ere, baina ezberdinak lirateke, beste era batera hartuko liratekeelako, alemaniarrak analitikoagoak direlako. Han iragan gordina dugu, gurekin daramagu Hitlerren garaiko zama astuna, baina azkarregi utzi da gaia bazterrean. Hemen gauza bera gertatu da 1936ko gerrarekin; ez da behar bezala landu. Gaia ez dago konponduta, Alemanian bezala, eta itzuli egingo da.

Emakume asko agertzen dira zintzilikatu dituzun margolanetan.

Generoa ez da garrantzitsua niretzat. Bitxia da, emakumeak arte irudietan ikusiak izateko agertzen ohi direlako, baina nire emakume irudietan alderantziz da: haiek begiratzen dizute. Milan Kunderak Francis Bacon margolariaren inguruan idatzi zuenez, zibilizazio baten amaiera gertatzen denean, azken aurrez aurreko gordina gizakiaren materialtasun fisiologikoarekin gertatzen da. «Zergatik gorputzak eta aurpegiak?», galdetzen dit jendeak. Bada, ezer geratzen ez denean, politikak interesik ez duenean, garrantzitsuena fisikoa da, haragia.

No comments:

Post a Comment