Thursday 25 June 2009

«Beranduegi da Francoren esklaboei justizia egiteko, baina aitortza zor diete»

Fernando Mendiola, historialaria.

Nafarroan frankistek esklabo izan zituztenen inguruan mintzatuko dira gaur, Donostian, Mendiola eta Edurne Beaumont ikerlariak, eta haien inguruko dokumentala eta erakusketa ikusi ahal izango dira.

Esclavos del franquismo en el Pirineo liburua argitaratu zuen 2006an Fernando Mendiola historialariak (Santurtzi, Bizkaia, 1966), Edurne Beaumontekin batera. Nafarroan errepideak egiten esklabo izan zituztenen afera ikertu zuten liburuan. Iruñeko Eguzki Bideoak Desafectos dokumentala sortu zuen gero, liburuan oinarrituta. Horrez gain, erakusketa antolatu dute garai hartako argazki eta lekukotasunekin. Gaur, Mendiola eta Beaumont entzuteko eta bideoa zein erakusketa ikusteko aukera egongo da, 19:00etan, Donostian, Ernest Lluch kultur etxean.


Nola hasi zinen interesa hartzen frankismoaren esklaboen gaian?

Tesia amaitu ondoren hasi nintzen ikertzen gaia Edurne Beaumontekin, ikusita arrazoi ideologikoak direla-eta jorratu gabeko esparrua zela. Historialari gisa hutsunea zegoela ikusten genuen. Horrez gain, baditugu arrazoi pertsonalagoak: Erronkari eta Zaraitzu arteko errepide bat ikertzen hasi ginen, eta Beaumont Zaraitzukoa da. Nire aldetik, familiako lagun min bat hor izan zuten lanean behartuta, atxilo gisa.

Nortzuk ziren esklabo gisa erabilitako atxilo horiek?

Batez ere 1937tik aurrera gerran atxiloturikoak. Atxilo horiek kontzentrazio eremuetara eramaten zituzten, eta han sailkatu egiten zituzten. Atxilotuetako batzuk ez zituzten epaitegietara bidaltzen, baina ez zituzten libre uzten desafectos zirelakoan [erregimenaren kontrakoak]. 100.000 atxilo horiekin osatu zituzten lan batailoiak.

Jaso dituzuen irudietako asko anbiguoak dira, Auschwitzeko argazki askorekin gertatzen den bezala, presoak irribarretsu agertzen direlako.

Hala da. Diru pixka bat eduki ahal izan zutenek bakarrik lor zitzaketen argazkiak. Andaluziako atxiloek, esaterako, ez zuten argazkirik. Argazkiak une bereziak izaten ziren, igandeetan-eta eginikoak, senitartekoei bidaltzeko. Ez dugu topatu lanean edo zigorretan ateratako argazkirik.

Frankistek esklabo izanikoen artean zenbat geratzen dira bizirik?

Duela gutxi Bidankozen egin zieten omenaldian, zortzi atxilo ohi baino ez zeuden. 2002. urtean hasi ginen ikertzen, eta dokumentalean elkarrizketaturikoen erdiak hilik dira dagoeneko. Beranduegi da biktima horiei justizia egiteko, baina uste dut gizarteak aitortza zor diela haien senideei.

Alemanian Estatuak eta Siemens eta halako enpresa handiek barkamena eskatu eta kalte-ordainak eman izan dizkiete esklabo izan zituztenei. Badago hemen horrela egingo dela pentsatzeko zantzurik?

Alemanian Estatuak zein enpresa pribatuek eman dituzte kalte-ordainak eta Alemaniako Eliza katolikoak ere eman behar izan ditu. Hori da hemen Memoria Historikoaren Legeak dituen hutsunetako bat. Estatuak kalte-ordainak zekenkeriaz ematen ditu, eta soilik zenbait kasutan. Legeak ez die ezer eskatzen, ordea, enpresei. Renfek, esaterako, milaka esklabo erabili zituen burdinbideetan, baita Bizkaiko meategietako enpresek eta Eliza katolikoak ere.

Zuen lana ere beranduegi etorri dela uste duzu?

Gure asmoa ezkutaturiko errealitate bat erakustea zen, eta hein handi batean lortu dugula uste dugu. Polita izan da horrenbeste urtetan isilik egondakoen hitza berreskuratzea eta zabaltzea.

No comments:

Post a Comment