Tuesday 23 June 2009

«Musika munduaren azken mohikanoak gara organo jotzaileak»

Aitor Olea Juaristi, organo jotzailea.



Bergaran organoa irakasten hasiko da aurki musikari durangarra, Alemaniatik Gipuzkoako herrira ekarri berri duten Oberlinger organoarekin. Gaur, tresna aurkeztuko dute, kontzertu baten bidez.

Organo jotzaile berriak trebatzen hasiko da aurten Aitor Olea Juaristi irakaslea (Durango, Bizkaia, 1969) Bergarako Santa Marina elizak erosi berri duen organoarekin. Oberlinger etxeko tresna Alemaniatik ekarri dute eta parrokiako museoan jarri dute. Gaur organoa aurkezteko kontzertua emango dute Oleak eta Maria Jesus Ugalde Sopranoak, 19:30ean.

Zuk beti izan duzu argi organo jotzailea izan nahi zenuela?

Txikitan pianoa ikasten hasi nintzen, Arrasaten. Organoari Donostian ekin nion, eta gero Baionan bukatu nituen ikasketak. Zerk erakarri ninduen organora? Jose Manuel Azkue entzun nuen behin jotzen, eta hura ikusita tresna ikasteko irrikan geratu nintzen. Eskuez gain, tresna hankarekin ere jotzen zela ikusi nuen eta, nolabait, orkestra gizon sentitzen zinela.

Halako erregistro eta aukera zabalak dituen tresna bat, zergatik dago horren baztertuta?

Historiaren arabera, VIII. mendean sartu zen elizan, baina badakigu Kristo jaio aurretiko III. menddean ere bazegoela organoa, profanoa bazen ere. Gaur, Gipuzkoan bakarrik, 175 organo inguru ditugu, eta organistak ez dira 150 izango. Beraz, tresna asko jo gabe daude, ez dira erabiltzen, beste leku batzuetan hiru bat organista egoten direnean tresna bakoitzeko. lehen musika ikasketa herriko organistarekin egiten ziren, musika bandak eta eskola hasi aurretik. Orain hor ditugu, alferrik, elizetako koruan utzita.

Eliza eta mezarekiko lotura da askatu behar dena?

Desmitifikatu behar dugu tresna. Elizako eginkizuna betetzen du, bai, baina baliabide handiak ditu beste tresnekin lotzeko. Edozein tresnarekin jo daiteke: txistuarekin, tronpetarekin, txalapartarekin... oso ondo moldatzen da, haize tresna delako eta soinu borobila duelako. Desmitifikatzeaz gain, irakatsi egin behar da.

Desmitifikatzen hasteko, Bergaran gaur estreinatuko duzuten tresna 1980ko hamarkadakoa da.

Guztiz mekanikoa da, eta horri esker teklatu arina du, jotzerakoan akatsak oso ondo bereizten dira. 16 erregistro ditu eta baliabide ugari ditu, txikia izan arren. Dagoeneko bederatzi pertsonek eman dute izena ikasteko.

Gaur Fischer, Haendel eta J. S. Bachen piezak joko dituzue, besteak beste. Bederatzi ikasle horiekin ziurtatuta dago etorkizunean ere lanok ere entzun ahalko dituztela?

Askotan esan dut organistak musika munduko azken mohikanoak garela. Pianistengana hurbildu behar dugu tresna, hasieran izutu egiten direlako. Gure belaunaldiaren ostean, organistok ez badugu zer edo zer egiten, litekeena da tresna hilzorian geratzea.

No comments:

Post a Comment