Wednesday 17 June 2009

«Swansekin eginikoaz harro nago; baina, bakarka, bidea libre uzten diot nire etorriari»

Jarboe, musikaria.




Rock eta 'performance'-aren arteko ikuskizuna emango du gaur New Yorkeko underground eszenako erregina beltzak, lehen aldiz Euskal Herrian. Greziako Naer Mataron taldearekin partekatuko du oholtza.


New Yorkeko undergroundaren erregina beltza da Jarboe La Salle Deveraux (Mississippi, Ameriketako Estatu Batuak) 1980ko hamarkadan Michael Girarekin batera Swans taldea sortu zuenetik. 1998tik bere kabuz dabil, rocka eta performance-a nahasten. Gaur Barakaldoko Edaska aretoan joko du, 20:30ean (Bizkaia).

Mahakali edo Kali Handia Indiako suntsipenaren Jainkosa beldurgarria da. Zergatik eskaini diozu azken diskoa?

Nire ibilbidean ikus dezakezunez, hitzetarako askotan erabili ditut mitologia edo esoterismoko gaiak. Iaz maitemindu egin nintzen Mahakalirekin eta pertsonaiaren inguruko istorio zein kondairarekin. Diskoa hark inspiratu duenez, hari eskaintzea erabaki nuen.

Zertan bereizten da Swans taldean ibilitako Jarboe Neurosis taldearekin diskoa grabatu zuena eta bere kabuz lanean ari dena?

Swansen Michael Gira zen sortzaile nagusia, eta ni abeslarietako bat baino ez nintzen. Esan dezaket harro nagoela Swansekin eginiko garaiaz. Neurosisekin, berriz, disko oso bat egin genuen elkarrekin. Haiek egin zuten abestien konposizio lan ia guztia, eta nik azken konponketak iradoki nizkien. Nire bakarkako lanean, neu nago, nire etorriari bidea libre uzten.

Halere, laguntzaile ugari izan dituzu azken disko honetan ere?

Mahakalirako dena egin dut neronek, baina soinu organikoa eman nahi nion, benetako musikariak erabilita, neronek dena teklatuekin egin beharrean. Beraz, New Yorkera joan nintzen eta musika munduko hainbat girotako jendea bilatu nuen, elkartzeko, eta zer gertatzen ote den ikusteko. Zirraragarria izan da benetan halako talentu bildumarekin. Colin Marston ingeniari lanetan aritu da, eta jo ere jotzen du diskoan. hainbat taldetan dabil, Kevin Hufnagelekin, besteak beste Disrhythmian. Colinek beste talde bat du: Behold The Arctopus. Oso jende saiatua da, heziketa handiko musikariak, diziplina ikaragarrikoak. Horiez gain, Swanseko bateria jotzaile bat erabili nahi nuen eta Vinnie Signorelli gonbidatu nuen. Interesgarria izan da lagunekin nire lanean aritzea.

Musikari esperimental kutsua izanda, nolatan gonbidatu dituzu Pantera taldeko Phil Anselmo eta Mayhemeko Attila Csihar bezalako musikari tradizionalagoak?

Musika indartsua eta pasioz beterikoa gustuko dut, oro har. Beraz, gogoko dut metal musika asko. Badakit zer esan nahi duzun «tradizional» horrekin, baina esango dizut Mayhem hasierako diskoetan berrikuntza asko daudela, oso muturrekoa, noski, baina berrikuntza argi eta garbi. Horrez gain, entzun beharko zenuke Attilak Sunn O))) taldean egiten duena.

Zer ekarri diote diskoari?

Attillak oso ahots indartsuak egiten ditu nirekin kanta batean. Philekin telefono solasaldi zoragarriak izan nituen. Abestia nora eraman nahi zuen esaten zidan. Ustekabea izan zen, azkenean, txelo bat, haren ahotsa eta gitarra akustiko fin bat erabili genituelako. Abesti garbi, ia gordina, eta emozionala da. Puntu gorenetako bat da.

Zer egingo duzu 'Mahakali'-ren ondoren?

Bira honen ondoren, Erresuma Batura itzuliko naiz uztailean, Supersonic jaialdian jotzeko. Horren ondoren agian kontzertu batzuk emango ditut eta beste disko bat grabatuko dut Jesu eta Godflesh taldeko Justin K. Boradrickekin dudan egitasmoarekin.

Zer ikusiko dugu gaur Barakaldon?

Oso pozik nago bira honekin, kanta berriak jotzen ari naizelako. Hori da entzungo duzuten gehiena, baina litekeena da ustekaberen bat izatea beste taldeekin egin ditudan diskoak jarraitu dituzten zaleentzat.

No comments:

Post a Comment