Thursday 11 June 2009

«Artistak munduaren jabe izango dira 2020rako, uzten badiote apaingarri izateari»

Pierre Bongiovanni, artista.


Argazkilaria: Soft Power



'Zientziaren oraina, artearen etorkizuna' hitzaldia emango du Bordeleko artistak, Artea, biopolitika eta teknologiaz hausnartzeko Amarika Egitasmoak antolaturiko Soft Power ekitaldiaren barruan.

Artista eta kulturaren ikertzailea da Pierre Bongiovanni (Bordele, Frantzia, 1949). Belforteko Bideo Sorkuntzarako Nazioarteko Zentroa eta Parisko La Gaite Lyrique arte gunea zuzendu ditu. Performance-a eta filmak egiten ditu egun, eta Sklunk! Interneteko aldizkaria argitaratzen du. Igurtzi aiurbedikoak emango ditu gaur, performance gisa, Gasteizko Amarika aretoan, 10:00etatik, 14:00etara. Arratsaldean, Zientziaren oraina, artearen etorkizuna hitzaldia emango du, 19:00etan, Arabako Lurralde Historikoko Agiritegian.

Nola izango da artea 2020. urtean? galdera jarri duzu mahaiaren gainean. Erantzuna baduzulako?

Nire desioak betetzen badira, artistak munduaren jabe izango dira 2020rako, uzten badiote apaingarri izateari. Artistek zuzenduko dituzte bankuak, gobernuak, armadak, erietxeak, polizia... Denak funtzionatuko du mafiarik gabe, banku jaberik gabe, indarkeriarik gabe eta goserik gabe.

Eta zergatik izan behar du hobea artistek zuzenduriko mundua?

Egun dugun mundua diruak kontrolaturikoa da, eta, nire ustez, badira beste balio posible batzuk. Gizakien arteko elkarrizketa balio bat da. Jendearen arteko trukea balioa da, baita edertasuna, amodioa eta gustua ere. Indarkeria eta mafia kontrabalioak dira. Gaurko mundua gaizki doa, norberekoikeria gehiegi dagoelako eta ez behar adina elkartasun, merkantzia gehiegi eta ez aski edertasun.

Platonek artistak Errepublikatik bota nahi zituen, eta zuk jaun eta jabe jarri nahi dituzu?

Platon liberalismoaren oinarria da, zakarki ez esateko.

Walter Benjamin ez zen liberala, eta hark ere politika estetizatzea faxismoaren ezaugarria dela esan zuen.

Ez da estetika kontua. Mundua paradoxikoa da. Europako Hauteskundeen bezperan gaude, eta hainbat modutan ikus ditzakegu. Nire begiradaren arabera, hauteskundeak hondamendia izan dira. Zergatik? Europako alderdirik handiena bozkatzen ez dutenena delako. Bigarrena kontserbadoreen eta agintearen aldekoena da, eta ezkerreko alderdiak izozturik daude, harri bihurturik, aldatzeko beharrari aurre egin ezinik daude. Nire ustez dena ez doa gaizki, baina gauza ziur bakarrak hauek dira: txirotasuna, munduko elikagai krisia eta sistema mafiosoak orokortzea. Artistek gertatzen dena ikusi eta beste ikuspegiak eman behar dizkigute, elkarrizketa guneak berriz asmatzeko. Oso garai interesgarrian bizi gara, baina nahasia da oso. Egunero ez badiogu geure buruei galdetzen nor garen eta zer egiten dugun eta besteekiko harremanaren kalitateaz, bizitza ez da oso interesgarria.

Artea eta biologia dira zuretzat mende honetako diziplinak. Zergatik?

Nola moldatuko gara planetako biztanle guztiak elikatzeko jakinik baliabideak ez direla aski izango? Nola emango diegu heziketa? Alde guztietatik begiratu behar diogu arazoari, zorabiatu gabe. Inork ez digu konponbidea emango, baina asko espero dezakegu kontu hauek eztabaida publikoan badaude. Baina gaur ez daude.

Orson Welles proposatzen duzu eredu gisa artistentzat?

Niretzat artista handia izan zen, eta oraindik ez dugu hura bezalakorik arte digitalean. Etorriko da agian. Munduen gerra irratsaioarekin hedabideek hipnotizatzeko duten ahalmenaz ohartarazi zion populazio osoari. Artistek kortesanoak eta merkatuaren esklabuak izateari utzi behar diote, eta ikuspegi berriak zabaldu behar dituzte, independentziaz eta lotsagabeki.

No comments:

Post a Comment