Sunday 21 June 2009

«Solstizioko kontzertua handiegia bilakatzen bada, sekretuan egingo dugu»

Migel Zeberio, Et Incarnatus orkestraren zuzendaria.




Udaren hasierako une magikoa ospatzeko, baso batean kontzertua antolatzen du Et Incarnatus hari orkestrak. Bihar egingo dute hamargarren urtez, Tolosa inguruko pagadi eder batean.

Euskal Herrian udako solstizioa ospatzeko egiten diren ekitaldi berezienetako bat antolatzen ari da Migel Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1966). Et Incarnatuz harizko orkestra zuzentzen du Zeberiok. Bihar, 19:30ean, X. Solstizio Kontzertua emango du orkestrak, Tolosa inguruko baso batean. Iraolako Zuloa izeneko pagadian bilduko dira musikariak eta entzuleak, naturaren udako lehen soinuez gain, musika entzuteko.

Dagoeneko hamar urte dira udaburuko kontzertua antolatzen duzutela. Nola sortu zen ideia?

1996. urtean sortu zen gure orkestra, eta hasieratik genuen asmoa talde desberdina izatekoa. Gure errepertorioan XX. mendeko sortzaileen lan klasikoak sartu ditugu, pop, jazz edo kantugile abeslarien piezak. Horrez gain, lan egiteko eran ere, bilatu genuen motibazio ezberdina izatea. Udaren etorrera Euskal Herriko kulturan une garrantzitsua dela ikusita, gure sustraietara hurbilduko gintuen zer edo zer egitea pentsatu genuen.

Lehenengo urtetan mendi tontor batean ematen zenituzten kontzertuak.

Uzturre mendian aritu ginen bost urtez. Jende berezia etortzen zen, ahalegina eskatzen zuelako. Handik jaistea erabaki genuen, logistikoki zaila zelako eta edozein unean lainoa sartzen zelako. Musika tresnak oso garestiak dira. Iraolako Zuloa ederra da oso.

Erakundeen laguntzarik edo dirurik gabe antolatzen duzue.

Musu truk egiten dugu. Onartuko genituzke diru laguntzak, baina ez dugu inoiz jaso. Morrontzarik ez izateko dugun filosofian sartzen da hori ere. Dena den, auzokideen laguntza dugu ekitaldi honetarako. Horrez gain, badugu beste alde profesional bat: La Oreja de Van Goghen diskoa grabatuko dugu uztailaren erdi aldera. Horrek ere hauspoa ematen digu.

Beste musikariak ere gonbidatzen dituzue urtero. Aurten nor ekarriko duzue pagadira?

Aurten Baigorrin eman genuen ekitaldia, eta hango zein Iruñako gaita-jotzaileak izango ditugu bateko eta besteko kantak abesteko Niko Etxart, Erramun Martikorena eta Mikel Markez. Beste ezusteko batzuk ere izango ditugu.

Iaz 300 entzule bildu zenituzten. Ekitaldia gehiegi hazi eta magia galduko den beldurrik ez al duzue?

Familia giroa egoten da, eta hantxe bertan afaltzen dugu. Egunen batean handiegia egiten bada, deialdi sekretua egingo dugu.

No comments:

Post a Comment