Friday 19 June 2009

«Rock-and-roll kontzertuak erritual aspergarria izaten dira askotan»

Sergio Llanos, musikaria.




Eureka Hot 4 taldeak 'World Champions' diskoa plazaratu du, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Bilbon aurkeztuko dute gaur, 21:30ean, Kafe Antzokian, Capsulako bilbotarturiko argentinarrekin.

Eureka Hot 4 taldeak lehen disko luzea aurkeztuko du gaur, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Esperientzia handiko musikariek osatzen dute laukotea, eta punk-rocka beste hainbat estilorekin nahasten dituzte. Sergio Llanos taldeko ahotsa eta gitarra jotzailea da (Bilbo, 1974). Athom Rhumba eta Yogur taldeetatik pasatu ondoren, Eureka Hot 4 taldea sortzea erabaki zuen 2005ean, Gotzon Garai eta Josu Urkidirekin. Gero batu zitzaien Zalakain Garcia baxu jotzailea.

Gaurko rock kontzertuak serioegiak direla diozue. Seriotasun horren aurkako matxinada da Eureka Hot 4?

Erritual aspergarria izaten dira askotan rock kontzertuak. Jendeak badaki zer gertatu behar duen. Lehen abestia izugarri indartsua izaten da, eta zirrara eragiten du. Hirugarren abestirako, tentsioa galtzen da. Gurekin ez da halakorik gertatzen. Gogor hasten gara, baina gero intentsitate aldaketak egiten ditugu, tentsioa inoiz ez galtzeko. Hainbat tempo eta kadentzia erabiltzen ditugu, eta horrek interesgarriago egiten du. Dantzarako uneak ere izaten dira, ez bakarrik burua astintzeko.

Jendeak aniztasuna nahi duela sumatu duzue?

Jendeak agian ez daki hori nahi duela, baina guk hori ematen diogu. Rock taldea da gurea, azken finean, baina nahasten ditugu gustuko ditugun musika guztiak: soula, bluesa, rhythm and blues, punka... Ez dugu musika beltza egiten, zuriak izanik hori ezinezkoa delako, baina oso gogokoa dugu. Estiloak nahasten ditugu, baina hemengo kultura beti kontuan hartuta, hau da, batez ere rock-and-rolla.

Gaztelupeko hotsekin atera berri duzue World Chanpions diskoa, zertan bereizten da duela bi urte argitaratu zenuten sei kantako diskotik?

Hura geure kontura ekoitzi genuen, eta banaketarik gabe. kritika onak izan zituen, eta balio izan zuen jendeak ikusteko zertan zen istorio hau. Eureka Hot 3 ginen orduan, baina, orain, baxu jotzailea dugu. Diskoan, 13 abesti dira, horietako bi bertsioak. Geuk ekoitzi dugu, Capsula taldeko Martin Guevararekin.

Zergatik joan zarete Kataluniara nahasketak egitera?

Buruan genuen Santi Garcia lan horretarako, oso gauza indartsuak egiten dituelako. Hainbat lekutan grabatu genuen; besteak beste, etxean eta lokalean. Baina nahasketak han egin nahi genituen, ongi egina behar zuelako, benetan dakien morroi batek egina. Emaitza oso indartsua da, gogorra batzuetan.

New Orleanseko cajun musikaren kutsua eman diozue Food Wars kantari.

Cajun baino gehiago, padurako budu giroa eman diogu kantari. Perkusio asko du, eta giro berezia sortzen du. Clone Machine kantari, berriz, 1960ko hamarkadako kutsua eman diogu, Farfisa organu batekin. Beste kanta batzuetan free-jazz soinua izan dezakete, baina nahi gabe gertatu da.

Zuzenekoa garrantzitsua izango da zuentzat.

Gure alde sendoa da zuzenekoa. Asko lantzen dugu zuzenekoa. Saiatzen gara etengabe mugimendua sortzen, kontzertua jaia izan dadin. Jende asko kexatzen da Bilbon entzuleak oso serio eta zurrunak direla, baina ezin zara aitzakia horretan babestu beti. Taldearen betebeharra da hori haustea.


No comments:

Post a Comment