Tuesday 25 August 2009

«Gorputz fisikotik ia at pasatu nituen sei hilabete, eta horrek eraman ninduen abstraktura»

Killy Beall, artista.




Dagoeneko 60 urte baino gehiago daramatza artista miarriztarrak margotzen, grabatzen eta eskulturak egiten. Haren ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa jarria dute Irunen igandera arte.

Gutxitan gertatzen da artista batek mende erdi oso baten joera nagusiak bere lanean laburbiltzea. Hori gertatzen da Killy Beallekin (Miarritze, Lapurdi, 1925). 60 urte pasatxo daramatza margotzen, grabatzen eta eskulturak egiten, eta 1940ko hamarkadako figuraziotik 1970eko margo materikoa ikus daitezke haren lanetan. Ibilbide luze hori azaltzeko, erakusketa jarri du, Paul Otsoarekin batera, Irungo Amaia kultur zentroan (Gipuzkoa). Azken egunak dira hura ikusteko, igandean itxiko baitute.

Zure lanaren historian une garrantzitsu bat dago: figuraziotik abstraktura pasatu zinenekoa. Nolatan egin zenuen urratsa?

Figurazioarekin hasi nintzen, maitemindurik nengoelako inguratzen ninduen ororekin: pertsonak, natura, harkaitzak, uhinak... Ez da harritzekoa hori, Miarritzen jaiota. Senarra ezagutu nuenean, irakaslea zen Miarritzeko Unibertsitate Amerikarrean. Hango ikasleekin ezagutu nituen abangoardiako gauzak, nik ez bainuen arte eder ikasketarik egin. Zazpi haur izan nituen, eta azkenaz erditzean oso gaixo egon nintzen, hiltzeko zorian. Sei hilabetez gorputz fisikotik kanpo egon nintzen, nolabait ere. Orduan ulertu nuen ez figuratiboa, surrealismoa eta abstraktua. Orduan hasi nintzen inguruan begiekin ikusten nuena, baizik eta buruan nuena.

Heriotzaren inguruko erantzunik aurkitu duzu abstrakzioan?

Une batean, nire koloreak oso ilunak ziren, urdin-beltzean. Aukera asko landu nituen: olioa, gero akrilikoa, azkarrago margotzeko, oso formatu handiak... Orain ez, orain argiagoak dira nire koadro abstraktuak, ia alaiak. Irunen ikusten da hori guztia.

Zergatik interesatzen zaizu horrenbeste harria?

Beti interesatu zait, eskultorea ere banaizelako. Asko landu dut, adibidez, Stonehengeko monumentu megalitikoa. Baita Pirinioak ere, Jaca inguruan.

Aurkitu duzu oreka barneko eta kanpoko munduen artean?

Akuarelak eta margoak egiten ditudanean lantzen dut kanpoko mudua. Abstraktuak erabiltzen ditut barnekoa ateratzeko, baita eskultura abstraktu handiak ere. Ez dakit geroan zer egingo dudan. Ez dakit beste kolpe emozionalen bat izango dudan. Izan ere, ez daukat zuzenduko nauen ideia nagusi bat, gauza asko ukitu ditudalako. Ezin dut lerro batean geratu.

No comments:

Post a Comment