Friday 2 October 2009

«Errazago lortuko nukeen arrakasta, gaurko edertasun ereduen araberakoa banintz»

Melissa Laveaux, musikaria.

Argazkilaria: Jean-Marc Lubrano



Haiti, Quebec eta Kanada bere baitan biltzen ditu musikariak, eta harridura sortu du, 'Camphor & Copper' diskoaren soiltasunarekin eta freskotasunarekin. Bilbon izango da gaur, BUM jaialdia irekitzeko.

Montrealen jaio zen Melissa Laveaux, 1985. urtean. Gurasoak haitiarrak ziren, Quebecera heldu berriak. Hazi, Ottawan hazi zen (Kanada). Laveauxek kontatzen duenez, haurra zenean amak txeke bat eman zion, piano klaseak ordaintzeko, baina galdu egin zuen. Horrek behartu zuen musika bere kabuz ikastera. Camphor & Copper diskoarekin ustekabea eman du. Gitarra, ahotsa eta txalo xume batzuekin, sekulako soinua eraikitzen du diskoan: soul, jazza, bossa nova, Haitiko kantak eta bere estilo propioa jorratzen ditu. Gaur, banda osoarekin arituko da, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.

Kreoleraz, frantsesez eta ingelesez bizi zara eta abesten duzu. Zer ematen dizu hizkuntza bakoitzak?

Abesti bat idatzi nahi dudanean, zein hizkuntzatan idatzi aukeratzen dut, kanta norentzat den arabera. Ez da kultura, beraz, baizik eta abestiak zer dioen. Nire amarentzat idazten badut, kreoleraz egingo dut; ahizparentzat bada, ingelesez.

Arraza komunitateen arteko harremanaz abesten duzu. Noraino dira kantok autobiografikoak?

Interesatzen zait gaia, halako inguru batean bizi naizelako, besterik ez. Dena den, askoz gehiago interesatzen zait idaztea jendeak euren bizitzako aldaketei aurre egiteko duen moduaz. Gehiago interesatzen zait, hori delako nik dakidana.

Dena den, musika egiteaz gain, gizarte langile ikasketak egin dituzu, eta horretan ere aritua zara.

Emakumeentzako baliabide zentro bat zuzendu nuen hiru urtez. Emakumeak etortzen ziren, eta haien arazoak entzun egiten nituen, konponbidea bideratzeko, eta terapia gisa. Entzuketa aktiboa zen. Ikuskizunak antolatzen nituen, gai bati publizitatea emateko edo dirua lortzeko. Ziurrenik ez naiz erabat musikan arituko etorkizunean. Bost edo hamar urte barru interesgarria ez bazait iruditzen, ez dut musika egingo, profesional gisa.

Mendebaldeko edertasun moldea betetzen ez duzula adierazi duzu zure kantetan. Lagundu dizu horrek nortasun indartsuagoa garatzen?

Bistan da ez naizela eredu horretan sartzen. Ez dut neure burua ikusten musika munduan eta aldizkarien azaletan agertzen diren pertsonen moldean. Ez dakit horrek egin nauen indartsuago, edo guraso sendoen lana izan ote den. Haiek erakutsi zidaten bizitzan gauza batzuk garrantzia dutela, eta beste batzuk ez. Argi dago gaurko edertasun ereduen araberakoa banintz errazago eta azkarrago lortuko nukeela arrakasta. Nire lagun batzuekin hala gertatu da, soilik errazago delako haiek CD baten azalean irudikatzea, antzeko musika egiten badute ere.

Konponketa minimalistak erabili dituzu lehen diskoan. Haitiko txabola auzoetako musikariek bezala, aski duzu kartoizko kutxa batekin eginiko gitarra. Bigarren diskoak produkzio garestiagoa izango du, edo filosofiari eutsiko diozu?

Niretzat, hitzak oso garrantzitsuak dira. Produkzio lan garestia baduzu, jendeak arreta txikiagoa jartzen du hitzetan, eta, produkzio handia izanez gero, jendeak ez du jakingo abestia bera ona den edo ez. Bilbon, Camphor eta Copper diskoko kantak eta hurrengorako prestatu ditudanak joko ditut, baina talde osoarekin. Diskoan baino askoz zarata handiagoa egingo dugu.

No comments:

Post a Comment