Friday 23 October 2009

Aitor Goñi, musikaria.


Argazkilaria: Lucia de Andres




Lendakaris Muertos taldeak diskoa eta bideoa grabatuko du zuzenean, gaur eta bihar Gasteizen egingo dituen bi kontzertutan. Agertokian sorturiko abiada eta kontzertuetako giroa jaso nahi dute.

Zuzeneko diskoa eta bideoa grabatuko du gaur eta bihar Lendakaris Muertos taldeak, 21:00etan, Gasteizko Jimmi Jazz aretoan. Taldeko abeslaria da Aitor Goñi Ibarretxe (Iruñea, 1974). Asko entzun dira taldearen Veteranos de la kale borroka, Gafas de pasta eta Vine, vi y me vendí abestiak. Goñik jakinarazi duenez, grabatu bezain laster audioa nahasten eta bideoa lantzen hasiko dira, eta litekeena da diskoa argitaratzea Durangoko Azokarako. Izenburua «sekretua» da oraindik.

Zergatik zuzeneko diskoa? Hori ez al dute egiten taldeek ideiak amaitzen zaizkienean?

Hala izaten da askotan, baina ez da gure kasua. Ez gara Kiss eta Manowar bezalakoak, hau da, zuzeneko bost edo sei disko ateratzen dituztela jarraian. Ez dugu ideia krisirik. Kontrakoa, oso une onean gaude, eta abesti berriak egiteko ideiak ditugu; ondo gabiltza. Beti izan dugu zuzenekoa grabatzeko asmoa. Talde baten ibilbidearen punturik gorena da. Zuzenekoan uzten duzu argi taldea nola moldatzen den berezko lekuan.

Ikusleekin duzuten harreman beroa diskoan islatuko dela uste duzu?

Diskoaz gain, bideoa grabatuko dugu. Grabazioan sumatuko da orain nola egiten ditugun zuzenekoak. Nik orain gure diskoak entzuten ditut eta konturatzen naiz estudioko grabazioak nahiko patal geratu direla eta zuzenean askoz azkarrago jotzen dugula. Beste gauza bat da. Ikusleak gure leloak abesten entzutea, hori da taldearen mamia. Gure kontzertuetan badago zer edo zer berezia, beste kontzertuetan ikusten ez dudana.

Zergatik grabatuko duzue Gasteizen, eta ez Iruñean, zuen hirian?

Iruñean jarraitzaileak ditugu, baita etsaiak ere. Iruñean ez dugu ia inoiz jo. Gasteizen beti ondo jo izan dugu. Jarraitzaile gehiago dugu Euskal Herritik kanpo, baina hemen grabatu nahi genuen.

Izan duzuen uda gogorra kitatzeko balioko du diskoak?

Bi aldetatik eman digute, ezkerretik zein eskuinetik. Ez zaigu bereziki gogorra iruditu; bai, ordea, berezia. Terrorismoaren Biktimen Elkartekoek gure kontrako kanpaina egin dute, Soziedad Alkoholika eta beste taldeen kontra bezala, baina ez dute lortu ezer ere ez. Ez gaituzte salatzen epaitegietan, esaterako, badakitelako galduko dutela. Beraz, edozein tokitan jotzen dugula, gutun bat dute gure aurka idatzita, eta antolatzaileei bidaltzen diete gu ez kontratatzeko eskatzeko. Kontzertu kopurua handitu dugu, eta arazorik gabe aritu gara. Leganesen (Madril, Espainia), adibidez, Espainiako selekzioaren elastikoarekin atera nintzen Gora España abestera, eta lata bat beteta bota zidaten eta burua ireki zidaten. Kontzertuaren ondoren, talde batek kolpeka hartu gintuen, elastikoarekin haserre.

Zuek zer zarete, ez ezkerrekoak eta ez eskuinekoak, Le Pen bezala?

Ezkerrekoak gara, baina gure asmoa da burmuina erabiltzea eta autokritika egitea. Nik ezagutzen dudan mundua ezkerrekoa da, baina kritikarik gabeko jarrera du horretako jende askok. Ez nuen aukerarik izan jo ninduenarekin hitz egiteko.

Orain arte Aitor Ibarretxe gisa aurkeztu duzu zeure burua, orain Aitor Lopez izango zara?

Alda dezaket izena, bai, baina gero berriz alda dezakete lehendakaria.

No comments:

Post a Comment