Thursday 22 October 2009

«Ez naute aurki epaituko, orain jendeak ez lukeelako ulertuko ni preso sartzea»

Enric Duran, kapitalismoaren aurkako ekintzailea.


'Robin Bank' ezizena irabazi du ekintzaile katalanak, hainbat bankuri milioi erdi euro iruzur eginda kentzeagatik. 'Bizi al gaitezke kapitalismorik gabe?' hitzaldia emango du gaur Iruñean.

Robin Bank, edo Bankuetako Robin ezizena jarri zioten Enric Duran gizarte ekintzaileari (Vilanova i la Geltru, Katalunia, 1976), duela urtebete iragarri zuenean hainbat bankuri ia milioi erdi euroko iruzurra egin ziela. 68 mailegu eskatu zizkien 39 banku eta bestelako erakunderi. Lorturiko 492.000 euroak banku sistema salatzen dituzten hainbat aldizkari argitaratzeko erabili zituen. Maiatzaren 21ean irten zen kartzelatik, bi hilabete behin-behineko espetxealdian egon ondoren. Podemos vivir sin capitalismo? hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Iruñeko Zabaldi aretoan.

Zein fasetan dago zure kontrako auzia?

Epaiketa ez da laster izango. Ez zaie komeni orain egitea, Felix Milleten aferarekin [Palau de la Musicako zuzendaria izan zenean 3,3 milioi euro lapurtu zituela onartu du Milletek]. Izan ere, bi aferak pareka ditzakete herritarrek, eta ez lukete ulertuko ni kartzelan sartzea eta hura libre uztea.

Mailegua eskatzeko inprimakiekin armaturik lortu zenuen dirua. Banku-lapur iraultzaileen bertsio posmodernoa zara?

Krisi testuinguruak eragin zuen nire ekintza. Nire ustez, Henry David Thoreauren eta Gandhiren desobedientzia zibilaren estrategiek, ondo antolatuz gero, eragin handia izan ditzakete, egiten den ekintzaren kostuarekin parekatuta. Anplifikatzaile lan handia egin dezakete. Horrek ez du esan nahi, ordea, bide bakarra direnik. Hainbat estrategia erabili behar dira batera, jendea harritzeko eta alternatibak eraikitzeko. Garaietara moldatu behar da.

Zure ekintza krisiak bultzatu zuela esan duzu. Aukera modura ikusten duzu gaurko egoera?

Aurreikusten genuen krisia helduko zela, eta ikusi genuen aukera ona zela jende askok bat egiteko moduko kanpainak prestatzeko. Ez soilik krisi garaia delako, baizik eta, ziurrenik, krisia egiturazkoa delako. Kapitalismoak ez du jarraituko orain arte bezala, eta jendearen beharrak gero eta gutxiago bete ahalko ditu. Gai bagara geure burua antolatzeko, eta behar horiek kapitalismoak baino hobeto betetzeko, orduan zabaldu ahalko ditugu alternatibak.

Nola eraiki kapitalismoaren alternatiba erakargarria?

Oinarrizkoa da eskala txikiko gizarte harremanak berreskuratzea, elkartasuna, eta kapitalismoak baztertu dituen hainbat balio. Aukera asko ditugu kapitalismorik gabe bizitzeko hainbat alorretan: etxebizitza, elikadura, heziketa. Bankurik gabe bizitzea da horietako bat. Jende askok ohiturak aldatu eta horrela bizitzeko hautua egiten duenean, orduan planteatu ahalko dugu gizarte osorako aldaketa.

Duela gutxi, lau katuren ideia utopikotzat joko zuten askok hori. Krisiak jendea erakarri du zuengana?

Baita nire ekintzak hedabideetan izan zuen oihartzunak ere, eta lorturiko diruarekin argitaratu eta doan banatu ditugun aldizkariek. Jende askok hartu du interesa, eta lehenagotik interesa zutenekin elkartu dira, eta ez ziren gutxi. Proposamen ausartagoak gauzatzen ari gara orain, eta optimista naiz, aldaketa sumatzen ari delako. Nafarroan sortu da dagoeneko talde bat honen inguruan. Mugimendu indartsua eraikitzen lagundu nahiko nuke.

No comments:

Post a Comment