Friday 9 October 2009

«'Amalur' hitzarekin liluratu, eta diskoaren izenburuan erabiltzea erabaki nuen»

Haig Yazdjian, musikaria.



Euskarazko izenburua du armeniar jatorriko musikariaren azken diskoak, eta gaur joko ditu horko kantak lehen aldiz Euskal Herrian. Ekialde Hurbileko oud tresna jotzen hoberenetako bat da.

Guraso armeniarren semea, Sirian jaio zen Haig Yazdjian, 1959. urtean, eta Grezian bizi da azken 30 urteotan. Oud tresna jotzen birtuosoa da eta haren ahotsak denboraz harago eramaten du entzulea. Amalur diskoa argitaratu zuen 2007an, bere azken lana. Gaur aurkeztuko du lehen aldiz Euskal Herrian, 21:00etan, Kultur Leioako auditoriumean (Leioa, Bizkaia).

Turkiarrek egindako genozidioa pairatu zuten armeniarren ondorengoa zara. Baina zeure burua armeniar, siriar edo greziartzat daukazu?

Nire aitonak ihes egin zuen 1915ean, genozidioarengatik. Siriara joan zen eta han jaio zen nire aita. Armeniarra naiz, nire aitaren etxea Siria da eta neurea Grezia. Hirurak daude nire barruan. Hainbat herrialdetako tresnak jotzen ditut eta hainbat herrialdetako musika entzuten dut. Saiatzen naiz tradizioa eta modernitatea lotzen, gaur bizi garelako. Aurrerakoia naiz, ez dakit musikari tradizionala ote naizen. Tradiziotik hoberena hartzen saiatzen naiz. Urte bakoitzak tradizioa ezartzen du niretzat.

Baina gitarrarekin hasi zinen. Rock musikaria izan nahi zenuen?

Noski, baina bat-batean oud musika tresna aurkitu nuen eta hura neure tresna nagusia egitea erabaki nuen. Batzuetan zer edo zer gertatzen zaizu eta ez dakizu zergatik. Norbaitekin maitemintzen zarenean, esaterako. Ezin duzu azaldu zergatik gertatzen zaizun. Tresna hori magia bezalakoa da niretzat. Eta ez dakit nola edo zergatik, baina heldu egiten dizu.

Amalur diskoan, lehen aldiz, oud elektrikoa grabatu duzu.

Lehen esan dizudan horrengatik, gitarra jotzaile hasi nintzelako. Zer edo zer ezberdina egin nahi nuen diskoan, onerako edo txarrerako, baina zerbait berria.

Nolatan jarri diozu euskarazko izenburua diskoari?

Hasieran ez nekien euskarazko hitza zenik ere. Amalur berba ikusten nuen bakoitzean, izugarri gogoko nuen soinua. Armeniera bezalakoa da, baina armenieraz lur hitzak musa esan nahi du. Euskaraz esan nahi duena itzuli zidatenean, liluratuta geratu nintzen. Zera esan nion neure buruari: «Hau da nire hitza, erabili egingo dut hurrengo diskoan».

2001. urtean, Yeraz argitaratu zenuen, eta 'Amalur' sei urte geroago grabatu zenuen. Zergatik horrenbeste denbora diskorik atera gabe?

2007an disko bat ateratzeko, 2004an hasi behar duzu lanean: doinuak bildu, giroa sortzeko eta, azkenean, jotzeko. Ez nuen arrazoi berezirik izan horrenbeste urte behar izateko. Ez nuen sentitzen disko bat grabatzeko beharrik, besterik gabe. Nahiago dut zuzenean jo eta gero grabatu. Datorren urtean plazaratuko dut hurrengo diskoa, baxu jotzaile eta perkusionistarekin. Oraindik ez dakit CD edo DVD izango den eta oraindik ez diot izenbururik jarri. Fusio-jazz-tradizionala-rocka nahasketa izango da eta oso abesti ezagunak joko ditugu. Orain ari gara grabatzen.

Gaur, lehen aldiz joko duzu Amalur hitzaren jatorriko herrialdean. Zer-nolako taldea ekarriko duzu?

Lau musikari elkartuko gara, ouda eta ahotsa neure kontura. Hirukoteaz harago, talde berezia eratu dugu hor jotzeko, teklista bat gehituta. Amalur-reko kanta batzuk entzungo ditugu, baina baita oraindik argitaratu gabeko piezak ere. Hurrengo diskoarekin itzultzea espero dut.

No comments:

Post a Comment