Thursday 8 October 2009

«Nik ez dut arazorik artista izateko, eta, behar denean, saltzaile»

Maiana Agorrodi, marrazkilaria.



Marrazkilaria, diseinatzailea eta My Jok World elastiko enpresako burua da artista lapurtarra. Bere lanaren funtsa azalduko du gaur, 19:30ean, Andoainen, 'Iparraldea Andoainen' jaialdiaren harira.

Maiana Agorrodi marrazkilaria eta diseinatzailea da (Uztaritze, Lapurdi, 1979). My Jok World enpresako burua da, eta elastikoak diseinatu eta saldu egiten ditu hainbat herrialdetan. Horrez gain, ETB3ko BURP! saioko gidoilaria da, besteak beste. Bere lana zertan den aurkeztuko du gaur, 17:00etan, Andoaingo Bastero kulturgunean. Aurkezpen dinamikoa agindu du, bideoen bidez.

Nola ikusten duzu zeure burua: artista gisa ala saltzaile gisa?

Unearen arabera. Garabat galerian amaitu berri dut marrazki erakusketa, hilabete batekoa. Hori artistikoa izan da, erabat. Gidoilari nabilenean, sorkuntza asko eskatzen du lan horrek. Bestetan, berriz, saltzaile izan behar dut.

Artista askok mespretxuz ikusten dituzte lan komertzialak. Artelanaren eta produktuaren artean bereizi nahi izate hori gaindituta dagoela uste duzu?

Betiko eztabaida da hori, baina nire ustez ez du eztabaida izan behar. Ulertzen dut beste artista batzuek hor zailtasun bat ikustea, baina ez da nire kasua. Niretzat ez da arazoa tarteka saltzaile izatea. Ez naiz aparte sentitzen.

My Jok World marka sortu zenuen Bilbon. Mundua marrazkien bidez konkistatzeko asmoa duzu?

Bi urtez denda izan genuen Bilbon, baina itxi genuen, lanpetuta geundelako. Izan ere, gurea izan aurretik ere, elastikoak saltzen genituen beste denda batzuetan. Orain ere, horrela jarraitzen dugu. Saltokiak ditugu Euskal Herrian, Berlinen, Bartzelonan eta Espainian. Interneten bidez ere saltzen ditugu. Gure asmoa ahal bezainbeste jende ukitzea da. Era positibo batean, leku guztietara heltzea nahi dugu, ahal badugu.

Positibotasuna aipatzen duzu, eta zuen lana definitzeko funny, smily, magic eta gisako adjektibo txolinak erabiltzen dituzue. Gozoki pozoitsuak saldu nahi dituzue?

Marketineko lelo tipikoak erabiltzen ditugu gure mezuak zabaltzeko. Umorea erabiltzen dugu gauzak pasarazteko, batzuetan alaia, besteetan ironia, satira, umore beltza...

Horregatik janzten diozu zapi palestinarra zure panda hartzari?

Jendaila da hartza, bere zapiarekin eta betaurreko ilunekin. Panda hartza duela bost urte sortu nuen. Zirriborro bat besterik ez zen, baina, azkenean, benetako pertsonaia bihurtu da niretzat. Bere nortasuna du. Komiki bat prestatzen ari naiz. Ni eta panda hartza izango gara protagonistak. Ni Lady My moduan agertuko naiz, eta Panda eta bion arteko bikote harremana kontatuko dut, gure egunerokotasuna.

Lapurdiko giro folklorikotik ihes egin nahi izan zenutela esan zenuten duela sei urte, eta Bilbora joan zineten. Bilboko foklorearekin gusturago?

Oso gustuko dut Bilbo. Hemengoa sentitzen naiz orain. Iparraldean sorkuntza folkloreari lotuta dago askotan. Hiri handirik ez dago han, eta zaila da denetarik izatea hori gabe. Folklorea ongi dago, baina beste zer edo zer behar da aldamenean.

Komikiaren ondoren zer?

Marrazki bizidun film bat, Berlingo Raquel Meyers lagunarekin eta Bilboko Trece hardcore taldearen musikarekin. 2010. urtearen amaieran estreinatuko dugu, lan handia delako animazioa. Meyersek animatuko ditu nire marrazkiak. Betiere ni eta Pandaren harremanaren ingurukoak.

No comments:

Post a Comment