Saturday 10 October 2009

«Emakumearen gorputza gauza nazkagarria bihurtzen saiatu naiz, dantzaren bidez»

Leire Ituarte, koreografoa.

Argazkia: Sibophot


'Look at me, Bang Bang' dantza pieza estreinatuko du gaur artista bilbotarrak, La Fundicion aretoan. Hedabideek emakumeez ematen duten irudiaren kontra, begirada femenino ironikoa taularatu nahi du.

Look at me, Bang Bang koreografia estreinatuko du gaur Leire Ituartek (Bilbo, 1973). Ikus-entzunezko Komunikazioko doktorea da Ituarte, eta film teoria feministan aditua. Azken urteotan dantza sorkuntzan ari da, betiere emakumeen inguruko estereotipoak jorratzen. Bilboko La Funducion aretoan sortu du lana. Lan berria eta Azul en tres actos lanaren pasarte bat taularatuko ditu gaur eta bihar, 20:00etan, La Fundicionen.

Emakumearen gorputzaren inguruko hausnarketa jartzen duzu oholtzaren gainean azken lanean. Zertan datza Look at me, Bang Bang?

Hedabide handietan emakumearen irudia nola jorratzen duten aztertu nahi nuen: emakumea, emakumearen gorputza eta sexualitatearen iruditegia, alegia. Dantza eta gorputzaren bitartez nahi nuen hori landu. Abiapuntu gisa Barbara Kruger eta Cindy Sherman artisten lana hartu nuen. Horien arabera eta teoria feministaren aburuz, emakumea eta irudia berdintzen dituzte hedabideok, eta ekuazio hori azaleratu nahi izan dut. Emakumea bi dimentsiotara murrizten dute: erotismoa eta heriotza. Eta emakumearen erotismoa zitalkeriarekin lotzen dute.

Cindy Sherman argazkilariak manikiak hartu eta jarrera erotikoetan erretratatzen zituen. Krugerrek publizitate leloak jartzen zituen emakume gorputzen gainean. Eta zuk nola adierazten duzu hori dantzan?

Barbara Krugerren antzeko leloak erabili ditut eta beste baliabide batzuk. Gero, mugimenduarekin, gorputzaren bitartezko eraldaketa landu dut. Lehen esan dizut emakumea bi dimentsiotara murrizten dutela hedabideek. Bada, nik dantza bi dimentsiotan egiten saiatu naiz.

Nola egiten da dantza bi dimentsiotan? Zaila da irudikatzen.

Zaila da egiten, batez ere mugimendu aukera guztiak murriztu behar izan ditudalako bi dimentsioko efektu hori lortzeko. Inprobisazio pauta batzuk erabili ditut. Piezaren sekuentzia batean, esaterako, lerro batean mugitzen naiz oholtzaren gainean. Horrez gain, emakumearen gorputza eraldatu egiten dut; zomorro bihurtzen, adibidez. Hau da, emakumearen gorputza zer edo zer nazkagarri bihurtzen saiatu naiz, dantzaren bidez.

Kritika egiten duzu, baina proposatzen al duzu beste irudirik hedabideek emakumeari ezarritako bi dimentsioko kartzela horretatik ateratzeko?

Ez dut gauza berririk proposatzen, baina begirada ironikoa jartzen dut oholtzaren gainean. Begirada asko lantzen dut lanean. Izan ere, gaurko masa kulturan emakumea beti da gizonezkoen begiradaren zerbitzura dagoen objektua. Saiatu naiz ideia hori lantzen eta emakumearen begirada modu ironikoan jorratzen. Agertokiaren gainean dagoena neu naiz, azken finean, eta nire begiradak gizonezkoen begirada horren kontra errebotatzen du. Ispilu begirada da. Ironia hori da proposatzen dudan irtenbide bakarra.

Ez al da lana kontzeptualegia jende guztiarengana heltzeko?

Piezak badu alde ludikoa, eta oso bisuala da aldi berean, nahiko zinematografikoa. Zinemaren eta publizitatearen lelo bisualak erabiltzen ditugu, eta, beraz, polita da ikusteko. Alde ludiko horren ondoan, berriz, badu alderdi ezerosoa, ikuslea larrituko duena.

No comments:

Post a Comment