Wednesday 14 October 2009

«Hazkuntza idealizatzeari utzi behar diogu, horrek ez baitu krisia konponduko»

Carlos Taibo, idazlea.
 
 

'En defensa del decrecimiento' hitzaldia emango du gaur Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak Iruñean. Lanaldia eta kontsumoa murriztea proposatzen du izenburu bereko liburuan.

Galiziako etorkinen seme, Madrilen jaio zen Carlos Taibo 1956an. Idazle eta editore da Taibo eta zientzia politikoak irakasten ditu Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. En defentsa del decrecimiento hitzaldia emango du bihar 19:30ean, Caldereria kaleko hitzaldi aretoan. Lehenago, 17:00etan, izenburu berarekin aurten argitaratu duen liburua aurkeztuko du La Hormiga Atomica liburu dendan.

Munduan produkzioa eta kontsumoa murrizteko eskatzen duzu azken liburuan. Ez al du horrek probokazio kutsua krisi garaiotan?

Ez du zentzurik pentsatzeak krisitik hazkuntzaren bidez aterako garela. Dagoeneko ditugun arazoak bere horretan utziko lituzke horrek. Hazkuntza idealizatzeari utzi behar diogu, ez baititu gure ekonomiaren arazoak konponduko. Badakigu, haatik, ekonomia hazteak ez duela gizartea batzen laguntzen, ingurumenari atzerabiderik ez duten erasoak sortzen dizkiola maiz eta hurrengo belaunaldien baliabideak amaitzea dakarrela. Bizimodu esklaboa ezartzen digu, pentsaraziz gero eta gehiago kontsumitzen badugu orduan eta zoriontsuagoak izango garela. Produkzioa eta kontsumoa murrizteko eskatzen ari naiz, eta ez bakarrik iparralde garatuan.

Langile asko berez ari dira ordu gutxiago lan egiten lan murrizketa dela eta. Zertan bereizten da zuk proposatzen duzun murrizketa eta krisiak berak eragin duena?

Nik kapitalismoari kritika egiten diot, eta kritika horrek hainbat gauza defendatzen ditu: baliabideak eta lana banatzea, bizitza soziala lehentasuna izatea, aisialdi sortzailea egitea, azpiegitura askoren tamaina murriztea, tokian-tokiko gauzak bultzatzea eta, azken finean, bizimodu xume eta soila borondatez aukeratzea. Bistan da horrek ez duela zerikusirik gaur proposatzen digutenarekin: hau erregulaziorik gabeko kapitalismoaren krisia dela sinetsarazi nahi digute, eta kapitalismoaren krisia da.

Murriztu daiteke ekonomia osasun zerbitzuei kalte egin gabe?

Ingurumenari eta natur baliabideei kalte egiten dieten alorrak murriztea eskatzen dut. Autogintza, hegazkigintza, eraikuntza, armagintza eta publizitatea murriztu behar dira. Hazi egin beharko lukete, ordea, gizartearen beharrak asetzeko eta ingurumena zaintzeko lan egiten duten alorrak. Noski, nik eskatzen dudan horrek barne produktu gordina txikiagotuko luke, baina osasuna eta beste alorrak garatuko lituzke.

Frantzian jarri zuten indarrean 35 orduko lan astea, baina atzera egiten ari dira hein handi batean.

Frantziako Alderdi Sozialistaren eta Jospinen gobernuaren egitasmoa oso lausoa zen, eta ez zuen zerikusirik nik proposatzen dudanarekin. Kontua ez da bakarrik lanaldia murriztea, kontsumoa ere gutxitu behar da, eta gizartea berriz antolatu.

Teknologia berriek lagunduko dute horretan?

Esperientziak kontrakoa erakusten du. Kontsumo gutxiko bonbillak jartzen ditugu, baina aurrezten dugun dirua Karibera bidaiatzen gastatzen dugu. Ideologizaturik ez dagoen jende asko ere konturatzen da gaurko sistemaren irrazionaltasunaz, eta pausoak ematen ditu bizimodua aldatzeko. Dagoeneko gertatzen hasi da.

No comments:

Post a Comment