Saturday 3 October 2009

«Komikigintza oso sexista izan da, baina emakumeek errealistago bihurtu dute»

Josune Muñoz, literaturan aditua.




Argitaletxe independenteei buruzko jardunaldiak egingo dituzte, gaur hasita astebetez, Bilboko Areatzan. Skolastika literatura elkarteko kideak emakume komikigileen inguruko tailerra emango du bihar.

Bilboko liburu denda independenteen elkarteak (Cliblik) antolaturiko argitaldari independenteen jardunaldiak hasiko dira gaur, Areatzan. Datorren ostiral arte iraungo dute. Josune Muñoz (Bilbo, 1967) emakumeek idatzitako literaturan aditua da, eta Skolastika literatura elkartearen sortzailea. Emakumeen komikigintzaren inguruko tailer irekia emango du, bihar, 12:00etatik 14:00etara.

Zein da gaur hasiko diren jardunaldien helburua?

Beste mundu literarioak ezagutaraztea. Badira beste argitaletxe eta egitasmoak, literatura zirkuituetatik kanpo daudenak, eta, normalean, liburu dendetan ikusten ez direnak. Konpromiso politikoa daukatenak, gai garrantzitsuak lantzen dituztenak, edo argitaratzeko bestelako erak dituztenak, denetarik dago multzo horretan. Betiere, gutxiengo batentzako materiala da. Horrek are zailagoa egiten die lana, diru sarrerak murrizten dizkietelako, eta krisi itzela pairatzen ari dira. Gutxiengoentzat izateak ere baditu abantailak, ordea. Beti izan dituzte irakurle fidelak.

Genero horietako bat da emakumeek eginiko komikigintza. Nola azalduko dituzu horren ezaugarriak bihar?

Nik genero ikuspegitik egiten dut lan, baina tailer honetan zer edo zer ezberdina egin nahi dut. Komikia ere genero alternatiboa da, gutxiengo batentzakoa, eta zale sutsuak dituena. Gaurko komikigintza erakutsiko dut, alde batetik, hau da, gaur egiten ari dena. Bestalde, komiki horiek baloratzeko irizpideak eman nahi ditut. Ona den edo ez den nola jakin, eta, ona bada, zertan oinarritzen garen hori esateko. Komiki horien ekarpenak, berrikuntzak eta ezaugarriak aztertuko ditugu.

Aro berria zabaldu du emakumeak komikigintzan hasi izanak?

Gaurko komikigintzaren ezaugarri nabarmenetakoa da emakumea komigintzan sartu izana. Orain arte ez da gertatu komikigintzan hiru emakume belaunaldi batera aritzea lanean. Klasiko bat: hor dugu Claire Bretecher, 1960etik lanean aritu dena, komiki azidoa eta feminista egiten, baina aldi berean umore handikoa, ironia oso ondo erabiltzen baitu. Komikigintzari bultzada handia eman dion beste bat: Marjane Satrapi. Irakurri egin behar da haren Persepolis. Satrapiren bidetik joan diren beste hainbat komikigile oso onak daude. Euskal Herrian, Raquel Alzate dago, esaterako, gaztelaniaz aritzen dena, eta Eva Garces zein Itziar Garciaren arteko Euskal Labirintoak eta Pasadizoak liburuko lana, oso ironikoa hori ere.

Zertan bereizten dira gizonezkoek eginiko komikiak eta emakumezkoenak?

Oso alde txikia dago gauzak irudikatzeko orduan, marrazkian, gizon eta emakume komikigileen artean. Gaia edo gaiaren tratamenduaren inguruan dago aldea. Emakumezkoek eginiko komikietan agertzen diren pertsonaiak ere ezberdinak dira. Emakumearen irudi sinbolikoa askoz errealistagoa da. Komikigintza, orain arte, oso genero sexista izan da, baina emakumeak gutaz askoz irudi egokiago eta errealistagoa ematen ari dira.

Zientzia fikzio eta heroi gutxiago, beraz?

Emakumeak genero guztietan aritu gara, hori nabarmendu behar da. Halere, autobiografia da emakume gehien bildu dituena. Umorea eta ironia askotan agertzen da: geure burua delako gaia askotan, eta barre egiteko gogoz agertzen gara. Kritikoa da eta ez da batere biktimista. Ez gara agertzen kexaka. Gustuko dut hori.







No comments:

Post a Comment