Thursday 15 October 2009

«Inork ez du homosexual agiririk, eta zailagoa da haientzat asiloa jasotzea»

Suniva Martinez, abokatua.


Sexu joeragatik jazarpena pairatzen dutenen asilo eskubideari buruzko jardunaldiak hasiko dira gaur, Donostian. CEAR erakundeko legelariak azalduko du errefuxiatu horien egoera Europan.

Sexu jazarpenagatiko asiloa-ri buruzko jardunaldiak hasiko dituzte gaur, Donostian. Gay, lesbiana eta transexualek euren herrialdeetan pairatzen duten egoeragatik Euskal Herrian asiloa eskatzen dutenean zelako oztopoak izaten dituzten azalduko du Suniva Martinezek (Bilbo, 1974). Errefuxiatuei laguntza ematen dien CEAR gobernuz kanpoko erakundeko aholkularitza juridikoko abokatua da Martinez.

Espainiako Senatuan Asilo Legea onartu zuten herenegun. Zer berrikuntza dakarkie sexu joeragatik jazarpena pairatzen dutenei?

Berriz pasatu behar du lege proposamenak Kongresutik, baina litekeena da onartzea. Gure eskaeretako baten bat jaso dute legean. Esaterako, Berdintasun Legeak eragin dio Asilo Legeari, eta, orain, errefuxiatu batzordean onartu egiten dituzte halako kasuak. Legeak onartzen zuen babesa ematea jazarpena pairatzen dutenei «arraza, erlijio, talde politiko edo gizarte talde bateko kide izateagatik». Orain, horiei gehitu diete «genero edo sexu joeragatik».

Zuek, ordea, ez zaudete oso pozik legearekin. Zergatik?

Hala da. Izan ere, generoa beti lotuta dagoelako emakumea izatearekin, sexu organuen erauzketa kasuetan, esaterako. Guretzat ez da emakumea aipatu behar, baizik eta pertsona. Horrela, barruan sartuko lirateke homosexualak. Hori espreski jasota egon beharko litzateke legean, nahiz eta «sexu joera» formula horretan sartzen dela uler daitekeen. Oraingoan ez dugu zorterik izan.

Nolako kasuak aurkitzen dituzu zuk eguneroko lanean?

Pertsona asko etortzen dira, emakumezkoak zein gizonezkoak. Oro har homosexualak direlako eta hori zigortuta dagoelako euren herrialdeetan etortzen dira. Nigeria eta Iranen, esaterako, heriotza zigorra ezartzen diete homosexualei. Kamerundik ere etortzen dira asko, baita Latinoamerikatik. Han legeak ez du zigortzen, baina homosexual askok jazarpena pairatzen dute. Kasu bat aipatzearren, asiloa ukatu zaie Hego Amerikako hainbat emakume homosexualei, jazartzailea ez zelako Estatua, baizik eta krimenen inguruko talde inkontrolatu bat.

Zergatik da zailago asiloa eskatzea sexu jazarpena salatzen duen pertsona batentzat?

Zailagoa da administrazioak eskatzen duelako agirien bidez frogatzea jazarpen hori pertsonari zuzenean egin diotela, herrialdeko egoeraz harago. Oso zaila izaten da hori. Gobernuak oposizioko alderdiak jazartzen baditu, erraz froga dezakezu alderdi horietako kidea zarela, alderdi agiria erakutsita. Baina jendeak ez du homosexual agiririk. Asilo eskubidea eraldatzen ari dira, baina ez diete inoiz ematen errefuxiatuei merezi duten babesa.

Legeak ukatu egiten die Europako Batasuneko herritarrei asiloa eskatzeko eskubidea. Arazoa da hori?

Bai. Jakintzat ematen dute Europa askatasunen Europa dela, eta hori ez da horrela. Herrialde guztietan ez zaie eskubideak errespetatzen asiloa eskatzen dutenei. Kasurik argiena Grezia da. Errefuxiatuak lege prozeduran sartu gabe ere itzultzen dituzte euren herrialdeetara. Europan arazoak daude, eta jazarpena dago, sexu joeragatik ez bada ere.

No comments:

Post a Comment