Tuesday 6 October 2009

Patrizia Muñoz, dokumentalgilea.

Euskal Herria Helmuga dokumentaleko irudi bat

Dokumentalista bilbotarrak 1950 eta 1960ko hamarkadan Euskal Herrian izan zen immigrazioa eta gaurkoa alderatzen dituen bideoa estreinatuko du gaur, Portugaleten, bi garaiotako protagonistekin. 


Euskal Herria Helmuga dokumentala estreinatuko du gaur Patrizia Muñozek (Deustua, Bilbo, 1978). Euskal Herrian 1960ko hamarkadan gertaturiko immigrazioa eta egungoa alderatzen ditu lanak. Portugaleteko udaletxearen ondoko Gizarte Zentroan (Bizkaia) aurkeztuko dute gaur lana, 19:30ean. Zuzendariaz gain, dokumentaleko bi protagonista izango dira aurkezpenean.

Nola sortu zen 'Euskal Herria Helmuga' dokumentala egiteko ideia?

Gite-Ipes elkartera heldu zen Bilbao Ignorado filma, Policarpo Fernandezek 1960ko hamarkadan eginiko dokumental laburra. Euskal Filmategiak zaharberritu du lana, eta Bilboko txabola-auzoen egoera aztertzen du. Oso interesgarria da kontatzen duenagatik eta irudiengatik. Gite-Ipesek proposatu zidan dokumentala egitea, orduko eta gaurko immigrazioak aztertzeko.

Askorentzat ustekabea izango da entzutea eta ikustea Bilboko gaurko modako auzo asko txabola-gunea izan zirela duela ez asko.

Abando-Ibarran txabolak zeuden, baita Deustuko zubipean, alboko mendi magaletan eta gero auzoak sortu ziren leku gehienetan. Bilbora heldu ahala etorkinek beraiek eraikitzen zituzten, auzolanean. Izan ere, lege baten arabera, ezin ziren eraitsi teilatua jarrita zuten etxeak. Horrela, gau batean eta auzolanean txabola altxatzen zuten. Goizerako ezin zutenez bota, bertan bizitzen geratzen ziren etorkinak. Ahaztuta dugu txabola auzoko kideek eginiko lan guztia. Lan honek gogoratzen lagunduko duelakoan nago.

Gaurko immigrazioak oso ezberdina ematen du. Nola lotu duzu egoera hura gaurko etorkinekin?

Garai ezberdinak dira, eta aldagaiak, baina orduko eta gaurko etorkinen bizipenak oso antzekoak dira. Herritik alde egin behar izatea beti da oso gogorra. Periko Solabarria sindikalista eta apaiz-langilea elkarrizketatu dugu, alde batetik. Bere bizitzaren testuingurua orduko hura izan zen. Bestalde, Luz Amparo Muñoz Pimiento kolonbiarra elkarrizketatu dugu, La posada de los abrazos aterpearen sortzailea. Gaurko Euskal Herria ez zen bera izango 1960ko etorkinik gabe, eta gaurko etorkinekin ere kontatu beharko dugu, geratu egingo direlako.

Nola aldatuko dute egungo etorkinek Euskal Herria?

Aberastu egingo gaituzte. Zalantzan jarriko dute gure zuritasuna eta europartasuna. Euskararekiko jarrera ona dute, ikastea integratzeko modu gisa ikusten dutelako. Europaz kanpo datoz, gehienak ez Espainiatik, 1960. urtean bezala. Oraingoek ez dituzte haiek izan zituzten eskubideak, lege egoera dela-eta, baina, une batean edo bestean, kalea hartzeko pausoa egingo dute.

No comments:

Post a Comment