Friday 27 November 2009

«Espainiako Estatua bera da mendebaldeko sahararron gaitz guztien sortzailea»

Aziza Brahim, musikaria.



Zentsura At jaialdian hartuko du parte Tindufeko errefuxiatu eremuetan jaiotako abeslariak, gaur, Bilbon. Astezkenean Londresera bidaiatzea galarazi zioten, sariak banatzeko ekitaldi batera.


Aziza Brahim (Tinduf, Aljeria, 1976) sahararren iheslari eremuetan jaio zen. Lurraldez gabeturiko herri hark bere hizkuntzari eta kulturari eusten die, kantu zein poesiaren bidez, eta giro horretan hazi zen Brahim. Haren musika debekaturik dago Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharan, eta bera erbestean bizi da, Espainian. Bilbon joko du gaur, 21:30ean, Kafe Antzokian.

Londresen egon behar zenuen, Freedom To Create sariak banatzeko ekitaldian, izendatuta zeundelako. Zer gertatu da?

Asteazkenean egon behar nuen ekitaldian, baina sahararrontzat ezinezkoa da mugitzea. Errefuxiatu eremuetatik ateratzeko Aljeriako pasaportea dugu. Nireak azaroaren 2ra arteko balioa zuen, eta, tramite guztiak eginda ere, ezinezkoa izan dut luzatzea eta bidaiatzeko agiririk eskuratzea, baita giza arrazoiengatik ematen dituztenak eskuratzea ere. Saharakoa arazo politikoa dela esan didate Espainiako agintariek, eta horretan ez direla sartzen.

Nola molda daitezke artistak bidaiatzerik ez badute?

Niretzat ezinbestekoa da nire ahotsa ahalik eta leku gehienetara eramatea. Guretzat heriotza da bidaiatu ezin izatea. Sahararra naizenez, ez naiz inor hemen. Errefuxiatu estatuturik ere ez daukat, errefuxiatu eremu batean jaio banaiz ere. Dena den, ez dut erori nahi agintarien joko txatxu horietan, eta borrokatuko naiz pertsona gisa eta saharar gisa dagokidana izateko.

Espainiako agintarien zurikeria salatu duzu, bai zure kasuan eta bai Aminetu Haidarren aferan, antzeko egoeran baitago.

Espainiako Gobernuak jarraitzen du duela 33 urte egin zuena egiten, Marokoren eskuetan abandonatu gintuenean. Ezin duzu demokratikoa zarela esan eta herri oso bat okupazioaren, gosearen eta giza eskubideen bortxaketa guztien menpe utzi, Espainiako Gobernuaren baimenarekin ari baita Maroko hori guztia egiten.

Zuk bidaiatzerik ez baduzu ere, zure diskoak legez kanpo zabaltzen dira Mendebaldeko Saharan. Nahiko akuilua da aurrera egiteko?

Marokoko monarkiarentzat disidenteak gara, eta, beraz, debekaturik dago gure musika lurralde okupatuetan sartzea edo irratian zabaltzea. Nire azken diskoa Internetetik hartzeko jarri dut, baina CD edizio mugatu bat egin genuen. Sahararrek erosi zituzten gehienak. Askori bahitu egin zizkieten diskoak Aaiungo aireportuan. Iaz Kopenhagen jo genuen, eta kontzertua lurralde okupatuetan zabaldu zuen irrati klandestino batek.

Gaur, Oreka TXrekin joko duzu, Bilbon. Zer entzungo dugu?

Errebindikazio abestian, Aminetu Haidarri omenaldia egiteko kantak. Saharako kantak, bluesarekin, rockarekin eta Afrikako beste erritmoekin nahastuta. Oreka TXrekin urtebete pasatxo daramat lanean. Niretzat, txalaparta aurkikuntza handia izan zen, eta txundituta utzi ninduen. Haiekin errefuxiatu eremuetako ez bake eta ez gerra urte hauetaz abestuko dut, besteak beste.

Datorren urtean, Londresen?

Hala espero dut, baita Danimarkan, Polonian eta AEBetan ere. Borrokatu beharko dut errefuxiatu estatutua lortzeko, oztopo guztien gainetik; jakinda, gainera, Espainiako Estatua bera dela gure gaitz guztien sortzailea.

No comments:

Post a Comment