Wednesday 25 November 2009

«Inork nigandik espero ez zuena egiten saiatu naiz azken diskoan»

Skye Edwards, musikaria.





Morcheeba taldeko ahotsa izan zen bederatzi urtez Londresko abeslaria. 2003tik bere kabuz dabil, eta gaur, Bilbon, bigarren diskoa aurkeztuko du, emanaldi akustiko batean lehenik eta talde osoarekin gero.


Skye Edwards musikariak (Londres, 1974) Morcheeba taldea sortu zuen 1990eko hamarkadaren erdialdera, Paul Godfrey disko jartzailearekin eta haren anaia Rossekin, zeinak hainbat tresna jotzen dituen. Hiru musikariok trip-hopa, elektronika, rocka, bluesa eta popa nahasten zituzten, arrakasta handiz. Besteak beste David Byrnerekin egin zuten lan. Taldeko ahotsa izan zen 2003. urtera arte. Ordutik, bere kabuz dabil abeslaria. Mind How You Go diskoa argitaratu zuen 2006. urtean, eta Europako irratietan asko entzun zen hango Love Show abestia. Aurten bigarren diskoa kaleratu du: Keeping Secrets. Hori aurkezteko jotzen ari da munduan zehar, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan eta Australian. Gaur Bilbon entzun ahalko da Skyren ahotsa, bi formatutan. 19:00etan, emanaldi akustikoa egingo du Fnac saltokian. 21:00etan, taldearekin joko du Kafe Antzokian.

Keping secrets diskoa aurkeztera etorri zara Euskal Herrira. Zure bigarren diskoa da. Zer bideri jarraitu dio zure soinuak eta kantak sortzeko moduak Mind How You Go lehen diskotik?

Uste dut disko hau eremu sakonago eta ilunagora eraman dudala. Izan ere, inork nigandik espero ez zuena egiten saiatu naiz Keeping Secrets honekin.

Zure musika, baita Morcheebaren garaian ere, beti mugitu da elektronika eta rock soinuen artean. Horietako zein joerak hartuko du garrantzi handiagoa etorkizunean zure ibilbidean?

Nire azken diskoak oreka ona du tresna elektronikoen eta akustikoen artean. Hori lortzen saiatuko naiz. Halere, abesti batzuek soinu gogorragoa hartzeko joera dute kontzertuetan jotzen ditudanean.

Gaur Bilbon bi saio egingo dituzu. Akustikoa gitarra hutsarekin izango da, esan duzun bezala. Baina zer talde mota ekarri duzu agertoki handirako?

Bateria jotzailearekin, baxu jotzailearekin eta gitarristarekin arituko naiz. Horrez gain, soinu bakan batzuk ekarri ditut aurretik grabatuta Alesis HD batean [disko gogorreko grabagailua].

Behin esan zenuen asko ikasi zenuela Morcheeban, baina gehiago Morcheebatik kanpo. Zer, esaterako?

Ahalmen handiagoa dut orain entzuleekin bat egiteko, batez ere soilik ahotsa eta gitarra erabiltzen ditudanean. Horrez gain, abestiak sortzen ere hartu dut parte, eta horrek beste maila batera eraman nau.

Libreago sentitzen zara orain, zeure kabuz ari zarela, batez ere kantak sortzeko orduan?

Keeping Secrets diskoa egiteko prozesu osoa esperientzia askatzailea izan da, diskoetxerik gabe egin dudalako, neure kabuz. Orain abestiak sortzen ari naiz etengabe. Hori dut gogoko.

Morcheebak hiru abeslari izan ditu zu kanpoan utzi ondoren. Paul eta Ross Godfrey anaiekin itzuliko zara Morcheebara oraingo bolada amaitzen denean, ala gozoegia da askatasuna behin dastatuta?

Paul Godfreyk bost urteko oporraldia hartu nahi zuela esan zuen hasiera batean, 2003. urtean. Baina gero, berak eta Rossek taldea zatituko zutela erabaki zuten, eta beste abeslariekin egingo zutela lan. Halere, beti esan didate atea irekita daukadala Morcheebara itzuli nahi izanez gero. Beraz, nork daki etorkizunak zer ekarriko duen?

No comments:

Post a Comment