Sunday 29 November 2009

«Ez zegokidan estiloan sartu ninduen 'Only a Woman's Heart' kantaren arrakastak»

Eleanor McEvoy, musikaria.
 


Irlandako abeslaririk maitatuenetako bat arituko da gaur, 20:30ean, Bilboko Euskalduna jauregian. Bakarrik izango da agertokian, bere ibilbideko abesti bilduma ahalik eta hurbilenetik eskaintzeko.


Eleanor McEvoy (Dublin, 1967) lau urtez aritu zen Irlandako Orkestra Sinfonikoan biolina jotzen, sortzaile eta bakarlari gisa aritu aurretik. Only a Woman's Heart kanta estreinatu zuen 1992an. Izenburu bereko diskoa Irlandan gehien saldu direnetako bat da oraindik ere. Gaur, Bilboko Euskalduna jauregian arituko da, 20:30ean.

Zergatik utzi zenuen musika klasikoa?

Lan ona zen. Dirua nuen astero. Baina egun batean orkestrara begiratu nuen, eta gizon bat ikusi nuen, biolinen taldean atzera mugitu zutena. Lan gehienetan, zahartu ahala gorago mugitzen zaituzte, baina han atzera mugitzen zaituzte hatzetan trebezia galtzen duzunean. Oso tristea iruditu zitzaidan. Ordurako ehunka abesti nituen eginda, inork inoiz entzun gabeak. Horregatik utzi nuen, ez nuelako nahi 60 urterekin hor eserita egon, eta neure kantak abestu nahi nituelako.

Nola lortzen duzu abesti alai eta aldi berean tristeak egitea? Irlandarra izan behar al duzu horretarako?

Dugun eguraldia ezagutu beharko zenuke. Bizitzan berean dago hori, hein handi batean. Zer edo zer txarra gertatzen denean ere, on apur bat ikusten duzu horretan. Gauzak ez dira zuriak edo beltzak.

Sentitu al zara inoiz 'Only a Woman's Heart' kantaren arrakastaren preso?

Batzuetan bai. Ez abestiarengatik, egia esan, baizik eta ez zegokidan musika estiloan sartu ninduelako. Jendea etortzen zen kontzertuetara eta soinu jotzaile bat ikustea espero zuen, aulki batean eserita. Eta han nengoen ni Telecaster gitarra elektrikoarekin. Halere, asko maite dut kanta.

Ez zara haserretzen jendeak Dolores O'Riordan edo Didorekin parekatzen zaituenean, haiek baino askoz lehenago grabatzen hasi zinen arren?

Ez zait axola. Jendeak erreferentziak behar ditu, azken finean. Poztekoa da ikustea itzala-edo izan dudala. Niretzat musika esplorazioa da, hortik ateratzen dut poza.

Ugandan izan zinen, gobernuz kanpoko erakunde batekin, eta Irlandako 1845-1852 arteko gosetearen inguruko kantak ere egin dituzu.

Inoiz ez dut asmorik izan gai serioen inguruan idazteko. Nire eremua akordeak dira, eta melodiak. Baina batzuetan ezin duzu saihestu. Ugandan izan nintzen, eta hango jendeak eta herrialdeak berak txunditu egin ninduen. Horregatik sortu nuen Oh Uganda kanta.

Zure azken diskoa Singled out konpilazioa da, 2008. urtekoa. Prestatzen ari al zara benetako disko berririk?

Bai, eta abesti gehienak dagoeneko idatzita ditut. Estudioan sartuko naiz datorren urte hasieran. Desiatzen nago. Oraindik urtebete beharko du kaleratzeko, musika aldetik erabat ezberdina izango delako.

Gaur Bilbon bakarrik arituko zara?

Ni, neure gitarra eta biolina. Izugarri gogoko dut horrela aritzea, aretoan dagoen giroa suma dezakedalako eta unean erabaki zer joko dudan.

Ohitura duzu Euskal Herrian jotzen duzunean, hemengo kantaren baten bertsioa egiteko. Aurrekoan, Lau teilatu izan zen. Zurrumurruek diote aurten Mikel Laboaren edo Hertzainaken bat izango dela.

Etorri beharko duzu jakiteko.

No comments:

Post a Comment