Wednesday 18 November 2009

«Etorkinak euskalduntzen arrakasta handiagoa izaten ari gara orain ere»

Andres Iñigo, euskaltzaina.




Etorkinak eta Euskara egun bateko jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak ostiralerako Bilboko egoitzan. Markina-Xemeingo, Sakanako eta Andorrako kasuak aztertuko dituzte, besteak beste.

Andres Iñigo (Ituren, Nafarroa, 1945) Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkaria da Jagon saileko burua. Jagon sailak antolatu ditu Etorkinak eta Euskara jardunaldiak. Ostiralean egingo dute saioa, egun osoz, eta bihar izango du horretan parte hartu nahi duenak izena emateko azken eguna: www.euskaltzaindia.net/email/jagonjardunaldiak.

Kezkaturik al dago Euskaltzaindia azken boladako etorkinek euskararekiko izango duten jarrerarekin?

Urtero egiten ditugu Jagon jardunaldiok. Jagon saila euskararen erabileran eragina duten gizartearen alde guztiak edo ahalik eta gehien ukitzen saiatzen da. Duela urte batzuk Eliza eta Euskara aztertu genuen, euskararen egoera Europako markoan, eta, iaz, kontsumoaren munduan euskarak duen presentzia eta izan duen bilakaera aztertu genituen. Aurten Etorkinak eta Euskara hartu dugu, Euskal Herrian azken urteotan asko indartzen ari den fenomenoa delako. Hainbat ikuspuntutik jorratu nahi izan dugu.

Egun bakarreko jardunaldia aski izango da gaia aztertzeko?

Estu samarra izango da, baina panorama osoa agertzen saiatuko gara. Soziodemografikoki aldaketak izan dira, eta egoera berri batean sartuak gara; horrek hizkuntzarekiko duen eragina aztertu behar dugu. Nafarroako Sakanako esperientzia da hitzaldietako baten gaia. Hor duela hamar urte %1 izatera ez ziren iristen, eta orain %8 inguruan dago etorkin kopurua. Hori nola tratatu eta zer egin aztertu nahi dugu.

Sakana eta Markina-Xemeingo kasuez mintzatuko dira, biak ingurune euskaldunak. Nola atera horretatik irakaspenak Bilbo baterako, esaterako?

Etorkinengana nola hurbildu eta haiek nola motibatu eta nola integratu aztertzen ari dira horietan. Esperientziak leku horietan egiten ari dira, eta horiek hartu ditugu. Beste lekuetan ez dira ezer egiten ari, ikusten denez. Bi lekuetako esperientziak hartu ditugu alderatu ahal izateko. Jardunaldiotan egoera aztertu nahi dugu, hausnarketa egin, iradokizunak jaso eta, ahal baldin bada, proposamenak.

Zergatik da interesgarria Andorrako kasua?

Unesco etxeak proposatu digu Joaquim Dolzen esperientziaren berri ematea. Andorrako hezkuntza sistema eleaniztunaren antolatzailea izan zen.

Proposamen zehatzak aterako dira jardunalditik?

Gure helburua egoera aztertzea eta azaltzea da. Ikusi beharko da integrazioa nola bideratu, han eta hemen. Gai zaila da, ikusten denez. Denen artean ireki beharko ditugu bide berri horiek. Horregatik, jardunaldiak goitik behera antolatu beharrean, beste batzuekin antolatzea erabaki dugu. Bereziki gonbidatu ditugu euskal eragileak, lanean ari direnak: teknikariak, kultura sustatzaileak, ikastetxetan ari direnak, ikusteko zer egin den, zer egiten ari garen eta zer egin ahal den hemendik aitzinera.

Arrakasta handiagoa izango da oraingo etorkinak euskalduntzen duela 40 urtekoekin baino?

Baietz uste dut. Orain ere arrakasta handiagoa izaten ari gara, eta espero dut hemendik aitzina handiagoa izatea. Ipar Euskal Herrian AEK-k helduak euskalduntzen azken hamar urteotan eginiko lana aztertuko da hitzaldietako batean. Orain baliabide gehiago dira gauza hauek bideratu ahal izateko. Jardunaldion helburua ere bada jendeari erakustea zer egiten ari diren leku batzuetan, han eta hemen halako programak bideratu ahal izateko.

No comments:

Post a Comment