Sunday 22 November 2009

«Irakeko Kurdistanen ez du zentzurik emakume gisa bizitzen saiatzeak»

Berfin Nesrin, Roj TVko aurkezlea.

Argazkia: Hamaika telebista


Iraken mendeko Kurdistanen egon da Berfin Nesrin, Danimarkatik satelitez ematen duen telebistarentzat saio bat prestatzen. Bilbon mintzatuko da bihar eta etzi, IPES elkartearen eskutik.

Berfin Nesrin (Kurdistan, 1980) kazetaria da Roj TV telebistan. Kurdistanen satelitearen bidez ematen da telebista, Danimarkatik, Alemaniako Gobernuak debekua ezarri zionetik. Iraken mendeko Kurdistanen izan da berriki, eta bihar helduko da Euskal Herrira, EHUn bere lanaren berri ematera. Asteartean, Emakumeak, erresistentzia eta errebeldia mahai-inguruan mintzatuko da, 19:30ean, Pelota kaleko Yohn jauregian (Burtsa aretoa). IPES elkarteak antolaturiko ekitaldia da. Londresen erbesteraturik bizi den Haifa Zangana idazle irakiarra izango du mahaikide.

Iraken mendeko Kurdistan bake eta eskubide eredu gisa aurkezten dute okupatzaileek. Zuk nola ikusi duzu?

Kurdistan lau estaturen artean zatiturik dute: Siria, Iran, Irak eta Turkia. Emakumeen egoera latza da horietan guztietan, baina gogorrena Irakekoa izatea litekeena da, hango emakumeak ez ditugulako entzuten, irakurtzen eta ikusten. Horregatik, ez dute babesik, ikusezinak direlako. Emakumeak hiltzen dituzte, baina inork ez du ikusten. Inork ez ditu aditzen haien garrasiak. Horren inguruko saioa egin dut, bi astez.

Ez da zure lehen bisita, Saddam Husseinen garaian ere izan zinen han. Hobetu al da egoera emakume kurduentzat?

Gizonezkoen herrialdea da, eta ezin da esan emakumeak han gizaki gisa bizi daitezkeenik. Gizonezkoek agian gehiago dibertidaitezke orain, baina emakumeak ezin dira dibertitu ere egin. 2003. urtera arte ezin zuten asko egin, Saddam zegoelako agintean, baina 2009an ere berdin jarraitzen dute. Legebiltzarrean hiru emakume daude. Nire ustez, han ez du zentzurik emakume gisa bizitzen saiatzeak.

Okupazioak ezin du alde on bat izan, eta Mendebaldearen eraginak emakumeei lagundu?

Kopia izaten lagun diezaieke, asko jota. Emakume batek eskolara ezin duenean joan eta ezin duenean irakurri, ez daki zer den askatasuna, eta Mendebaldeko emakumeen kopia baino ezin dira izan. Ezin diezu gehiago eskatu.

Turkiaren mendeko Kurdistanek pauso batzuk eman ditu azken egunotan, eta badirudi bake prozesu bat abiatuko dela. Itxaropentsu zaude?

Antzerki labur bat izan da, besterik ez, Gobernuko AKP alderdiaren eskutik. Horren eta oposizioaren arteko jantzi trukea dago antzezlanean. Ez dut itxaropenik, baina badago argi izpi bat honen inguruan: lehen aldiz kurduen historian, Turkiako Legebiltzarrean herri kurdu gisa agertzen eta mintzatzen dira. Aldaketa hori ez dute Turkiako alderdi horiek egin, baizik eta Kurdistango herriak berak. Kurduek esan dute konponbidea baketik etorriko dela.

Abdulla Ocalanen bakartzea amaitu izana ez al da albiste ona?

Antza denez, okerrago dago espetxe berrian. Gela txikiagoa du orain, eta aireztapena okerragoa da. Zaharrago dago bera ere, eta ezin du halako egoeran jarraitu. Zirt edo zart egin behar da.

Hemengo jendeak Kurdistango arazoa ulertzea espero duzu?

Lehen aldiz izango naiz Euskal Herrian. Ez dut azaldu beharko zer den zapalketa edo ama hizkuntza. Hori bizi izan duenak inork baino hobeto uler dezake ez gabiltzala ipuinak kontatzen ari.

No comments:

Post a Comment