Saturday 14 November 2009

«'House' telesail ederra da, eta aktorea zoragarria, baina gure ondoren etorri zen»

Jordi Rebellon, aktorea.




Aktore katalanak Vilches doktorea antzezten du 'Hospital Central' telesailean, arrakasta handiz. Gaur antzokian arituko da, Basaurin, 'Mentiras, incienso y mirra' antzezlanean.

Jordi Rebellon aktorea da (Bartzelona, 1957). Zinemarako egin zuen azken filma GAL (2006) izan zen, Miguel Courtoisek zuzenduta. Ezagunagoa da telebistan egindako lanengatik, batez ere, Hospital Central telesailean egiten duen Rodolfo Vilches sendagilearengatik. Mentiras, incienso y mirra antzezlana aurkeztuko du gaur Basauriko Social antzokian, 20:30ean (Bizkaia).

Nekatuta egongo zara entzuten House katalana zarela, ezta?

Bai, pixka bat. Etengabe esaten didate. Ez naiz haserretzen, noski, baina gauza bat argi utzi nahi dut: gu lehenago heldu ginen. House baino lehenago hasi zen Hospital Central, eta Vilches doktorea House doktorea baino lehenago heldu zen. Beraz, norbaitek konparatu nahi badu -nik ez ditut konparaketak gogoko- pareka ditzaten haiek gurekin, ez alderantziz. House telesail ederra da, eta aktorea zoragarria, baina gure ondoren etorri zen.

Proportzioan, zuk ikusle gehiago dituzula esan daiteke?

Cuatro kate txikiagoa da, eta, oraingoz, guk ikusle gehiago ditugu. Horrek balio du. Hamar urteren buruan, ez da lorpen makala gurea Espainiako telebistaren historiako telesailik zaharrena izatea une honetan. Ez da gutxi, gainera, ikusle kopuru horiekin jarraitzea.

Halere, Dr. House antzezten duen Hugh Laurie aktoreak baino gutxiago kobratzen duzu. Bidezkoa al da hori?

Ez dakit bidezkoa den, nik ez dakidalako zelako gastuak dituen hark. Dena den, ez naiz kezkatzen horretaz. Axola zait neronek ahalik eta gehien irabaztea. Besteek zer irabazten duten, niri bost.

Nola lortzen duzue aktoreok halako pertsonaia zakarra horren maitagarria eta maitatua izatea?

Ez dakit. Telesaila hasi zenean ekoizleek gaizto xarmangarri bat eskatu zuten, Falcon Crest-eko Richard Channing aktorearen antzeko zer edo zer. «Eta hori nola egiten da?», galdetu nien nik. Vilches doktorea talde lanaren ondorioa da. Gidoilarien, zuzendarien eta nire artean, pertsonaia lortu dugu. Izaera zaila du, baina inork ez du gorroto, jendeak maite du, horrekin ondo pasatzen duelako.

Gaur beste pertsonaia baten azalean ikusiko zaitugu. Nolakoa da 'Mentiras, incienso y mirra'-ko Ramon?

Gurasoek dirutza utzi diote, eta ez du lan egin beharrik. Hondartzako etxe batean bizi da. Lagunei lagundu egiten die diruz, baina sekretu handi bat dauka. Ez dut esango zer sekretu, noski. Komedia da, baina pertsonaiak oso errealak dira eta testuak benetakoak dira, une dramatiko eta penagarri batzuekin.

Telebistatik ihes egitearren ari zara antzerkian?

Telebistak eta zinemak ez dute antzerkiak duen magia, hau da, zuzenaren magia. Une oro jasotzen duzu ikusleen erreakzioa, badakizu gustuko duten edo ez. Gainera, esker oneko lana da, amaieran txalo egiten dizutelako. Halere, telebistak eta zinemak ere badute euren une egokia.

Nola bateratzen duzu telebistako lana antzerkiarekin?

Kostata. Neure burua asko zaindu behar izaten dut, jota bukatzen dudalako. Hilabeteak dira jaiegunik ez dudala. Telebistarako grabatzen ari ez banaiz, antzezlanarekin nabil biran. Ezin zaio honi luzaroan eutsi, tarteka gelditu egin behar da. Etorkizunerako dudan asmo nagusia, jaiegun bat hartzea da. Gabonen zain nago, irrikan.

No comments:

Post a Comment