Thursday 12 November 2009

«Euskal Herrian xelebretzat gauzkate, baina Alemanian arrunta da egiten duguna»

Mikel Bringas, zikloturista.



Lau urteko haur batekin eta urtebeteko beste batekin, 2.000 km egin dituzte Mikel Bringasek eta Rosa Lizasok bizikletaz, Europan barrena. Bizitakoa kontatzen ari dira, 'Ipar Gazi-Hego geza' ikus-entzunekoan.

Mikel Bringasek eta Rosa Lizasok (Donostia, 1969) osatzen duten bikoteak dagoeneko milaka kilometro egin ditu bizikletaz bi haur txikirekin, Europan barrena. Lau urteko Ekirekin eta urtebete eskaseko Lurrekin bidaiatzen nola moldatu diren kontatzeko, Ipar Gazi-Hego geza irudi eta hitz emanaldia prestatu dute. Gaur, Amezketako Gelan erakutsiko dute, 20:30ean. Hurrengo asteetan, Basaurin (Bizkaia), Amurrio (Araba), Gasteiz eta Zizurkilen (Gipuzkoa) izango dira, euren esperientzia erakusten.

Nolatan hasi zineten haurrekin bizikletaz bidaiatzen?

Aspalditik ari ginen bidaiatzen, Eki jaio zenetik. Orduan Euskal Herriko itzulia egin genuen haurrarekin, eta ondoren, Euskal Herrian Bizi liburu gida argitaratu genuen. Gure eztei bidaia izan zen, gainera. Bigarrena, Frantzian, Atlantikotik Mediterraneora doazen bi kanaletan egin genuen, haurrarekin. Lur jaio zenean, Aiara haranean dagoen Bringastik [Araba] Lizaso herrira [Nafarroa] egin genuen laurok, gure abizenak lotzeko. Laugarren bidaia udaberrian egin genuen, apiriletik ekainera.

Jendeak haurrak dituenean, normalean, abentura nahiak baztertu eta etxekotu egiten da, hein batean. Zuek kontrakoa egin duzue. Zergatik?

Guk bagenuen beste familia batzuen eredua. Frantzian Herve familiaren berri genuen, esaterako, 14 urtez munduari itzulia eman ziotena, haurrak 5 urte bete arte. Bihotzean genuen horien irudia gordeta. Proba egin genuen Euskal Herrian eta primeran atera zen. Umeek ere asko gozatzen dute.

Zertan da ezberdin haurrekin bidaiatzea?

Erritmoa, alde batetik. Bakarrik joanez gero, egun osoa eman dezakezu bizikletan, baina haurrekin hori astakeria litzateke. 40 kilometro inguru egiten ditugu egunero, batez beste, hau da, 2-3 ordu. Txikiak lo egin behar duenean bidaiatzen dugu. Esnatzen denean amaitzen da etapa. Egunaren beste ordu guztiak umeen betebeharrak egiten ibiltzen gara: parkean jolasten, zoologikoetan, eta abar. Garrantzitsuena ez da bidaiatzea, umeak baizik. Gauzak ondo antolatuta eraman behar dituzu.

Aurten 2.000 kilometro inguru egin dituzue, Frantzia, Suitza, Austria Alemania eta Herbehereetan. Halako herrialdeetan ez ziren horrenbeste harrituko zuekin.

Ez, eta horregatik aukeratu genituen leku horiek. Zirkulaziorik gabeko bideak daude, leku guztietan ondo hartzen zaituzte haurrekin eta bizikletekin joanda. Alemania da denetan hoberena, zalantzarik gabe. Hemen xelebretzat gauzkate, baina han hau arrunta da. Aterpeetan jolastokiak eta ipuinak daude, egunaren amaiera errazteko. Trenetan ibiltzeko ere, erraztasun guztiak ematen dizkizute. Alemanian 9.000 milioi euro mugitzen dira zikloturismoaren inguruan, eta bezerorik tipikoenak erretiratuak eta familiak dira.

Haurrek zer ikasten dute?

Gurasoekin egun osoa pasatzea eta naturatik gertu egotea da haientzat onuragarriena. Beste tokietan beste hizkuntzetan egiten dutela ikusi du Ekik. Garrantzitsuena da beste pentsaerak eta ohiturak daudela ikustea, eta hori oso garrantzitsua da mundu ikuskera zabaltzeko.

No comments:

Post a Comment