Tuesday 10 November 2009

«Hemengo feministak martxoaren 8ko taldetxo narkotizatuak bihurtu dira»

Maria Galindo, Ekintzaile feminista.




Boliviako Mujeres Creando taldeko sortzailea bere azken dokumentala aurkezten ari da Euskal Herrian: 'Amazonas, mujeres indomables'. Emakumeen aurkako indarkeriaren gaia aztertzen du.

Maria Galindo (La Paz, Bolivia, 1964) psikologoa eta irrati esataria da. Mujeres Creando emakume taldea sortu zuen, «matxismoa eta homofobiaren kontra borrokatzea» helburu. Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko Amazonas, mujeres indomables dokumentala egin du, eta lana aurkezten ari da Euskal Herrian: gaur, 19:00etan, Azpeitiko Betharram aretoan izango da. Hurrengo egunetan, Gasteizen, Abadiñon eta Donostian.

Bolivian gobernu aldaketa ekarri zuen mugimenduan parte hartu zenuen, baina Evo Morales presidenteari buruxkila matxista izatea egozten diozu. Zer gertatu da?

Boliviari bere natur baliabideak lapurtzen zizkion eredu neoliberalaren kontrako mugimenduaren partaide izan ginen hogei urte baino gehiagoz. Mugimendu hori Evo Moralesen gobernua baino askoz zabalagoa da. Gobernuak ikuspegi interesgarria du natur baliabideen nazionalizazioaz, baina gizarte eta politika aldetik, kontserbadorea da, maskulinista eta matxista, eta fundamentalismo etnikoan erortzen ari da. Moralesen gobernuak ez ditu aintzat hartzen jarrera feministak, eta gu egunero baztertzen eta isilarazten saiatzen da. Ez gaitu emakumeak ulertzen. Gure azken dokumentalari, esaterako, betoa ezarri diote telebista publikoan.

'Amazonas, mujeres indomables' lanaz ari zara. Zergatik ez dute gogoko?

Ez da horrenbeste lan honengatik. Dagoeneko ez daude prest guri lekurik uzteko. Izan ere, Boliviako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriaz duen ikuspegia burokratikoa da, poliziakerian oinarritua eta alferrikakoa. Hori ez da aldatu. Eskoletan sexu heziketa sartzea proposatu dugu, eta hori ere ez dute onartu. Dokumentalak indarkeria matxistari begiratzen dio biktimismorik gabe, begirada argiarekin eta borroka estrategia eskaintzen.

Filmean, Argentinara egin duzue, ordea, Buenos Airesko emakume etorkinen kasua aztertzera.

Emakumeen aurkako indarkeria arazo izugarri handia da, eta munduko leku guztietan gertatzen da. Beraz, zer egin daiteke? Borroka estrategia proposatzen dugu filmean. Mundu osoko emakumeentzat duintasun diskurtsoa eskaintzen du. Argentinara joan ginen, han emakume talde bat ari zelako estrategia horretan. Feminismoak aspaldi indarrean jarri zituen estrategiak dira, baina abandonatu egin dira estatuek hartu dutenean arazoaren kontrako borrokaren ardura. Estatuak bahitu egin du gaia, eta genero edo familia indarkeriaz mozorrotu du. Emakumeen estrategia autonomoak desmobilizatzeko balio izan du. Gizarte laguntzaile, abokatu eta Poliziaren esku geratu da gaia, feministok hogei urte generamatzanean arazoa politikoa dela esaten.

Gurerako ere balioko luke zure dokumentalean planteatzen denak?

Hemengo feminismoa krisian dago: feministak martxoaren 8ko taldetxoak bihurtu dira, diru laguntzen menpe eta bertsio instituzional eta teknokratikoak narkotizaturikoak. Dokumental honek esaten du: «Baina zertan ari gara? Hau duela hogei urte argi eta garbi genuen eta». Espero dut jendea ez erortzea exotismoan, eta hirugarren munduko gaixoak nola sufritzen duten ikusi nahi izatea. Baina ikusleak horren tentelduta dauden non litekeena den hori gertatzea. Arrasaten erakutsi dut filma, eta ixiltasun bitxia aurkitu dut. Filmeko emakumeak euren barrenetik mintzo dira, eta halako hizkuntza pertsonalak harritu egiten du hemen, norbere barrutik hitz egitea debekatuta dagoelako.

No comments:

Post a Comment