Tuesday 1 December 2009

«Baratzezain klandestinoek ez dute onartuko hiritik atera eta ghettoetan sartzea»

Vicente Paredes, argazkilaria.

Hirietan legez kanpoko baratzeak sortzen eta zaintzen dituzten 'aitona-amona okupak' deiturikoen inguruko argazki erreportajea egin du Paredesek. Erakusketa jarri du Bilboko Abisal arte gunean.

Euskal herrian bizi da aspaldi Vicente Paredes (Orihuela, Espainia, 1972). Kazetaritza ikasi zuen EHUn, argazkilaritza Londresen, eta kazetaritza grafikoa aukeratu zuen lan eremu gisa. Hiri Baratza erakusketa zabaldu berri du Bilboko Abisal arte gunean. Erreportaje sakona da, hirietan baratzeak lantzen dituzten pertsonen ingurukoa. Abenduaren 24a arte egongo da ikusgai. 



Nola erabaki zenuen hirietako baratzezain klandestinoen inguruko erreportajea egitea?

Azkenean argitaratu ez zen Bilboren inguruko beste egitasmo bat lantzen ari nintzela, Zorrotzako barrutian legez kanpoko baratzeak topatu nituen. Bilboko inguru osoko mendi magaletan eta trenbide bazterretan milaka baratze daude, jendeak hartu eta okupaturikoak. Ez dago talderik edo elkarterik, senak aginduta egiten du jendeak.

'Aitona-amona okupak' esaten diezu zuk horiei. Nortzuk dira, eta zerk bultzatzen ditu?

Haurrak zirenean landa eremuan bizi izandako jendea da, asko kanpokoak, baina beste asko hemengoak. Berreskuratu nahi dute naturarekiko harremana. Inork ez du saltzen ekoizten duena. Lehenbizi familiarentzat ekoizten dute, eta, soberan dutenean, oparitu egiten dute. Gustuko dute lurra lantzea eta naturaz gozatzea. Ongi pasatzeko leku gisa daukate askotan.

1980ko hamarkadako krisiarekin hasi ziren agertzen baratzeok. Zernolako harremana du fenomeno honek ekonomiaren krisiarekin?

Lotura du, baina ez jendeak dirua aurreztu nahi izaten duelako elikagaiak baratzean hazita. Lotuagoa dago denboraren kudeaketarekin. Industriaren birmoldatzea egin zutenean, jende asko zereginik gabe geratu zen. Orduan, baratzea antolatu, eta lanpetuta egoteko modu bat topatu zuten.


Hainbat herrialdetan modan dago 'lorezaintza gerrilla', baina hemengo udal agintariekin harreman nahiko txarra izan dute beti.

Fenomeno bera da, baina hemengoek ez dute horren berri. Hasieran oso gaizki ikusten zuten hau, hiria itxusitzen duelakoan. Bilboko Udalak oso gogor egin du beti horien kontra. Lorezain gerrillariek hiriko eremu abandonatu edo utziak berreskuratzen dituzte, zer edo zer ederra sortzeko. Hemen ez dituzte inoiz ikusi horrela, nahiz eta trenbide ondoko sasitza garbitu eta han sortu euren txoko txukuna. Benetako lorategiak dira hiriaren inguruan.


Azken boladan, berriz, baratzezain klandestinoak instituzionalizatzeko saioak egiten ari dira hainbat herritan. Arrakasta izango dute saiook, ezta?

Baratzezainok ez dute hori nahi. Jende honek baratzeak izaten dituzte bizi diren lekutik gertu, eta ez dute joan nahi beste 200ekin hiritik kanpoaldera. Denak biltzea eta ghetto batean sartzea ez da konponbidea. Laguntza eman beharko lieke, eta euri ura biltzeko bidoi urdinak itsusiak direla iruditzen bazaio Udalari, eraman diezaiela ura baratzeraino.

Galtzeko zorian dagoen espeziea da, dena den. Zure erreportajea garaiz etorri da?

Batez besteko adina 70 urtekoa da, eta datozen urteetan baratzen adibide batzuk baino ez dira geratuko. Dokumentatu behar nuen amaitu aurretik.

No comments:

Post a Comment