Thursday 5 November 2009

«Gizonezkoen pornografiak ekintzara jotzen du zuzenean; gureak, berriz, sentsaziora»


Erika Lust, zinema zuzendaria.
 
 
 
'Posible al da pornografia feminista?' hitzaldia emango du gaur Bilbon zinemagile suediarrak. Estereotipo matxistak albora utzita, emakumeentzako erotismoa jorratzen du, emakumeak protagonista.

Erika Lust zinemagileak (Stockholm, 1977) Posible al da pornografia feminista? hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Bilbon, Lan Ekintzan (Uribitarte, 6).

'Lust' ez da zure benetako abizena izango, ziurrenera.

Oso gustukoa izan dut beti lust hitza. Oso polita da: suedieraz haragikeria esan nahi du, baina baita ere zerbaiterako gogoa izatea. Lundeko Unibertsitatean zientzia politikoak ikasten ari nintzenean, asteburuetan Kopenhagera joaten nintzen hango Lust izeneko sex shop-era. Sexuaren inguruko gauza positiboa esaten du lust hitzak. Pornografia arrunta oso negatiboa da, nik zerbait positiboagoa egin nahi nuen, alaiagoa.

Nolatan hasi zinen pornografia egiten?

Unibertsitatean mugimendu feministan nenbilen. Film pornografikoen kontsumitzaile arrunt gisa hasi nintzen. Hainbat film ikusi nituen mutil-lagun batekin, eta, orduan, emakume askok pornografiarekin duten gatazka sentitu nuen: filmok eragiten digute fisikoki, baina, aldi berean, emakumearen irudi tristea ematen dute. Emakumea ez da filmaren zentroa, baizik eta objektua, gizonezkoari plazera emateko; ez da emakumearen desioa lantzen. Hor konturatu nintzen ikusi nahi nituela ni bezalako emakumeen inguruko filmak, pertsona errealen sexualitatearen ingurukoak, ohiko estereotiporik gabe.

Feminismo klasikoaren arabera, pornografia emakumearen gorputzaren esplotazioa da. Aldatu da ideia hori?

Bai. Azken urteotan feminismoak sexuaren inguruko ikuspegi askoz positiboagoa hartu du. Emakumeok sexuaren lema hartu behar dugu, egoera kontrolatzeko. Pornografia soilik gizonezkoen eskuetan badago, haien ideiak eta fantasiak erreproduzitu baino ez dute egingo. Emakumeok pantailan ikusi nahi duguna geuk sortu behar dugu.

Adibide zehatzak emango dituzu azaltzeko zertan bereizten den zure pornografia gizonek egindakoaz?

Zuzendari matxista baten ordez, zuzendari feminista bat jartzen baduzu, hor dagoeneko baduzu alde handia. Nire istorioak emakumeen ingurukoak dira, haiek dira protagonistak. Nortzuk diren ulertzen duzu, baita beste pertsona horrengatik desioa zergatik sentitzen duten ere. Gizonak ere errealak dira, ez pornografia arrunteko estereotipoak: mafiosoa, polizia... Estetikak polita izan behar du, erotikoa izan dadin, agertokiko xehetasun guztiak zaindu behar dira.

Izarak lisatuta egon behar direla esan nahi duzu?

Pertsonaia horrek izarak lisatuta izango balitu, bai, noski. Psikologia sortu behar da, testuingurua, jakiteko pertsonaia horiek zergatik ari diren larrutan. Harremanen inguruko filmak egiten ditugu emakumeok; gizonezkoenak teknikoagoak izaten dira. Zuzenean penetraziora jotzen dute, ekintzara, eta guk, berriz, sentsaziora.

Gizonezkoek maite dituzte zureak?

Askok idazten didate, eskerrak emateko, azkenean euren emakumeekin parteka dezaketen pornoa egiteagatik. Pornografiaren industriako gizonek, ordea, arazo handiak dituzte egiten dudana ulertzeko. Gizonezkoak diskriminatzea egozten didate, eta eurek pornoa denentzat egiten dutela diote. Argi uzten du horrek ez dutela ikusten zein mundutan bizi garen, gizonezkoen ikuspegia denentzat dela uste dutelako.

Panda hartzei pornografia jartzen diete zoologikoetan, ugal daitezen, bestela kitzikatzen ez direlako. Gizakiok ere bide beretik goaz?

Ez dut uste, munduko gauzarik kitzikagarriena beste gizaki baten gorputza aldamenean izatea baita.

No comments:

Post a Comment