Wednesday 2 December 2009

«Sendagileak paternalistago jokatzen du emakumeekin gizonekin baino»

Mati Iturralde, sendagilea.



'Los mitos en la salud de las mujeres' hitzaldia emango du medikuak gaur Bilboko Zazpikaleetako Yohn jauregian. Besteak beste, osasungintzan erroturik dauden genero jokamoldeak aztertuko ditu.


Mati Iturralde (Gasteiz, 1958) familia sendagilea da Osakidetzan. Los mitos en la salud de las mujeres hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Bilbon, Pelota kaleko Yohn jauregian (Zazpikaleetan).

Zeintzuk dira aipatuko dituzun mito horiek?

Lehena, emakumeak urte asko bizi garela. Bigarrena, osasun zerbitzuen bezerorik garrantzitsuenak garela, hau da, askotan joaten garela sendagilearengana. Oso erroturik daude gizartean mito horiek. Egia da urte asko bizi garela, baina urte gehienak gaixo ematen ditugu. Gizonezkoek duten pertzepzioarekin alderatuta, guk geure osasuna askoz okerrago ikusten dugu. Egia da askotan joaten garela osasun etxera, baina askotan aldamenekoaren osasuna zaintzera.

Zergatik ikusten dute emakumeek euren osasuna okerrago gizonek baino?

Lau urtetik behin galdeketak egiten dira pertsona bakoitzak bere osasuna nola ikusten duen aztertzeko. Guztietan agertzen da emakumeok, 50 urtetik aurrera, gaizki ikusten dugula geure osasuna. Objektiboki egia da gaixotasun kroniko dezente ditugula, baina, bestela, pertzepzio hori dugu ez ditugulako betetzen gizarteak ezartzen dizkigun osasun eta estetika eskemak. Hori gertatzen da normalean ez dugulako astirik geure burua zaintzeko, aldamenekoa zaintzen ari garelako. Normalean, gainera, ez dugu ikasi ere egiten geure burua zaintzen.

Osasun zerbitzuak laguntzen ari al dira jokamoldeak aldatzeko?

Ez dugu ikusten osasun sistemek aldaketa sakonik gauzatuko dutenik. Are gutxiago orain, aurrekontuak ikusita, tresna gutxiago egongo delako emakumearen arloan. Emakumeei ahalmena emateko gizarteko hainbat arlotan egin behar den lana osasungintzan ere egin behar da.

Zer ari dira egiten gaizki osasungintzan?

Esaterako, duela gutxi haurdunaldia eteteko legea planteatu dute. Osakidetzaren emakumeen osasun programako ugalketa ataleko lehentasun gisa biharamuneko pilula jarri dute. Hori bada lehentasuna, gainerako guztiak baztertu egiten dituzte eta hori arriskutsua da, emakumearen osasunaren inguruko erabakirik garrantzitsuenak haren eskutik kanpo uzten dituztelako. Pilula hori lortzeko sendagileok banatzen ditugun agiriak erabat paternalistak dira: aztertzen da emakumeak zer asmo dituen aurrerantzean pilula hori ez erabiltzeko, zer-nolako sexu harremanak izan behar dituen segurtasuna izateko... Emakumeei ahalmena eman beharrean, haren zaintza egiten da. Hori aldatu egin behar da.

Nola, kasu horretan?

Hasteko, planteatu behar da emakumeek izan behar dutela erabakia. Erabakia hartzeko, kultur, eta gizarte tresnak izan behar dituzte, baita teknikoak ere. Kasu horretan, amaieratik hasi dira, eta, gainera, paternalismoz.

Sendagileek ez al duzue, oro har, paternalismoz jokatzeko joera, emakume zein gizonekin?

Paternalistago jokatzen du sendagileak emakumeekin gizonekin baino. Alde batetik, gizonezkoek kasu gutxiago egiten digutelako. Emakumeek sarriago egiten dute men, erantzukizunarengatik, euren osasunaz gain, aldamenekoarena zaindu behar dutelako.

No comments:

Post a Comment