Sunday 6 December 2009

«'Aiako Harria autobiderekin' margotzea otu zitzaidan, baina nola egingo dut halakorik?»

Sonya Chasey, margolaria.

Sonya Chasey



Londresen jaiotako artistak Euskal Herriko paisaiak hartu ditu gai gisa, Hendaian abenduaren 12a arte ikusgai jarri duen erakusketarako. Figurazioa eta abstrakzioaren artean, paisaia zaintzea du kezka.

Sonya Chasey (Londres, 1964) margolaria Euskal Herrian bizi da 1992. urtetik. Hemengo paisaiak margotzen ditu, baina bere lanak hurbilago daude diseinu grafikotik, ohiko paisaia margoetatik baino. Erakusketa zabaldu berri du Hendaiako Mediatekan (Lapurdi). Ikusgai egongo da abenduaren 12a arte.

Zer zara, margotzen duen diseinatzaile grafikoa edo diseinu grafikoa egiten duen margolaria?

Ordenagailu bidezko diseinuak ez du eraginik nire margoetan, bai ordea, modernismoak. Gauzen atzean forma abstraktuak somatzen dituen ikuspegiak eragin dit, baina nik forma horiek gizatiarrago egin nahi ditut, jende askorentzat zaila delako arte abstraktua ulertzea. Nirea aldiberean abstraktua eta figuratiboa izatea nahi dut. Sakon begiratuz gero, hor ikusten dituzu forma abstraktuak. Ona izateko, arte lan batek hunkitu egin behar zaitu hasieratik. Baina horren ondoren, izan behar du zer edo zer zure arreta luzaroan erakartzeko, aspergarria izan ez dadin.

Askorentzat harrigarria izango da Euskal Herriko paisaia horrela tratatua ikustea.

Japoniako artelanen sinpletasuna maite dut, baina baita Cezanne ere. Nik, alde batetik, formak ikusten ditut gauzetan, eta, bestalde, mendian ibili behar dut askatasuna sentitzeko. Naturan bihotzera heltzen zaizkidan formak ikusten ditudanean, hori adierazi nahi dut nire lanean. Formek zergatik sortzen dizkidaten emozioak aztertu nahi dut.

Sonya Chasey


Paisaiak margotuko zenituzkeen Euskal Herrian bizi ez bazina?

Bati margotu ditut paisaiak, baina nire barruan handituz joan den joera da. Udan bi margo egin nituen Euskal Herritik kanpo. Ez ditut erakusketan jarri, besteak beste, emozioen aldetik ez nindutelako asetzen. Teknikoki ondo zeuden, baina lekuarekiko lotura falta zuten, nonbait.

Paisaiaren lekukoa zara. Arriskuan ikusten duzu ingurukoa?

Bai. Ingalaterrako hegoaldean gertatu da: paisaia ederrak daude oraindik, baina gero eta txikiagoak, autobideengatik. Paisaia zoragarri ugari daude hemen, eta nahi nuke jendeak horretaz ohartzea. Ideia bat izan nuen margo baterako: Aiako Harriaren inguruko asko egin ditut, behi batekin, udako ekaitz batekin... Otu zitzaidan margotzea Aiako Harria autobiderekin. Baina nola egingo dut hori, nire margoak ederrak izatea nahi badut?

No comments:

Post a Comment