Tuesday 29 December 2009

«Niretzat artea salbaziorako tresna bat da, artea egiteak itxaropena eskatzen baitu»

Abigail Lazkoz, artista.




New Yorken bizi da artista bilbotarra, baina egunotan Euskal Herrian da. Bere jaioterrian, 'Aparteko makinak' erakusketa du jarria, gerra eta gatazkaren marrazki bidezko hausnarketa.

Abigail Lazkoz (Bilbo, 1972) artistak Aparteko makinak erakusketa du jarria Bizkaiko hiriburuko Rekalde aretoan. EHUn Arte Ederrak ikasi zituen Lazkozek. Gaur New Yorken bizi da. Erakusketa baino gehiago, instalazioa da Bilbokoa, ikuslea giro berezian murgiltzea baitu asmoen artean. Urtarrilaren 31 arte egongo da ikusgai.

Gizakia «makina bigun» gisa ikusi du hainbat artistak. Zuretzat, berriz, «makina aparta» da. Zertan da aparta horren arrunta dirudien gizakia?

Itxaropena adierazten du izenburuak. Gizakia aparteko makina da, egoerei buelta emateko eta ikasteko ahalmena duelako. Giza espiritua suntsiezina dela esateko modu bat da. Niretzat artea salbaziorako tresna da, modu erlijiosoan hitz egitea gustuko ez badut ere. Izan ere, artea egiteak itxaropena eskatzen du.

Gerra eta suntsipen paisaiak marraztu nahi izan dituzula diozu. Zergatik interesatzen zaizu gatazka?

Askotan landu izan ditut gerra eta gatazka. Kasu honetan, gerraz era esplizituan hitz egin nahi nuen: soldaduak, leherketak agertzen dira Rekalden jarri ditudan marrazkietan. Baina horiek niri balio didate, eguneroko bizitzako gatazken inguruan hausnartzeko. Gizaki bat munduan izatea borroka hutsa da. Oso zaila da bizitzea. Gatazka, beraz, bizipen subjektiboa da. Neure burua borrokalaritzat daukat, baina baita tristetzat ere. Horregatik erabiltzen dut umorea, kontraste gisa.

Ez al da kontraesana zure lana instalazio gisa erakustea, leku horretarako propio eginda, eta gero piezaka sakabanatzea edo saltzea?

Nire lana osatzen dituzten piezak nahastea gustuko dut, beste era bateko harremana hartzen dutenean, artistak aurreikus ezin dituen ondorioak ateratzen direlako. Bizitzak ekartzen duen zoriak aberastu egiten du lana.

Interneten aroan, zentzurik ba al du New Yorkera bizitzera joateak, munduak erdigunea izango balu bezala?

Nahastu nahi dudalako erabaki nuen New Yorken bizitzea. Oso gutxi kostatzen da han aniztasuna eta lehen mailako kultur adierazpen apartak topatzea. Dirua ere ez da kostatzen. Han ez duzu munduaren ikuspegi absoluturik, baina bai, ordea, ikuspegi partzial askotarikoa. New York ez da munduaren erdigunea, baina indargune kontzentratua da. Ez duzu bilatu behar, hiriak gainezka egiten duelako. Oso erosoa da alferrarentzat.

No comments:

Post a Comment