Tuesday 12 January 2010

«Alanbre soilek metafora ustelek baino dramatismo handiagoa izan dezakete»

Evelyn Hellenschmidt, artista.


Afrikatik Europara txalupaz gurutzatzen saiatzen diren etorkinen tragedia metal hariz adieraztea proposatu dio bere buruari eskultore alemaniarrak, eta horren emaitza Donostian jarri du ikusgai.

Lurraren eta Itsas zabalaren atalak erakusketa du jarria Evelyn Hellenschmidt artistak (Eltville, Alemania, 1962) Donostiako Arteko galerian. Afrikatik Europara txalupaz heltzen diren etorkinen egoera da erakusketaren gaia. Letoia, brontzea eta metalezko hariak erabiltzen ditu tragedia kontatzeko. Otsailaren 5a arte egongo da ikusgai.

Zergatik aukeratu duzu Mediterraneoko etorkinen gaia?

Asko hunkitzen nau gaiak. Afrikarrak txalupa txikitxo horietan heltzen saiatzen dira, eta asko bidean itotzen dira. Egoerak euren etxeetatik ateratzera bultzatzen ditu eta bizitza arriskuan jartzera. Egitasmo sozial bat gauzatu nahi nuen eta gai horretaz hitz egin. Gidoi bat egin dut: lehen atalean, bizimoduz aldatzeko ideia nola bururatzen zaien islatu dut. Bigarrenean, ilusio indartsua da: ilusioaren txalupa deitu diot lanari. Azkenak bidaia kontatzen du, eta irekita utzi dut, batzuk heltzen direlako eta beste batzuk ez.

Halako giza tragedia metalezko haritxoekin konta daiteke? Ez duzu zure garai espresionistako margoen eta koloreen falta sumatu egitasmo honetan?

Ez dut haien falta sumatu. Materialik egokiena da nire asmo minimalistarentzat: arina, malgua eta sendoa. Niretzat askoz aberasgarriagoa da hiru dimentsiotan lan egitea. Gauzak hainbat angelutatik ikusteko aukera ematen dit. Joko hori behar dut. Alanbre soilek askoz dramatismo handiagoa izan dezakete marrazki askoz esplizituek baino, batez ere metafora ustel bihurtzen direnean.

Zergatik gorroto dituzu metaforak?

Errazegiak dira. Horiekin ez zara nik heldu nahi dudan puntura heltzen, hau da, arrazoiaren eta logikaren apur bat harago. Nire lanei izenburuak jartzen dizkiet piezak gogoratzeko gero. Ez nuke nahi jendea nire lanetara izenburuagatik hurbiltzea. Lana izenburua baino garrantzitsuagoa da. Afrikan izan naiz hainbatetan, eta oilo ipurdia jarri zait ikustean osasun arreta eskasarengatik edozein gaitz txatxurekin hil zaitezkeela. Etorkinen egoera ere neuk bizi dudala uste dut, horren larri ez bada ere. Nire bizitzan oso gaizki ibili naiz hainbatetan. Badakit zer den hondo iluna jotzea eta hortik ateratzea erabakitzea.

No comments:

Post a Comment