Friday 8 January 2010

«Artelan gehiegi dago, eta asko oso hutsik, artistek ez dutelako arriskatzen»

Alberto Palomera, artista.



'Uliseonista' izenburuarekin, izaki garaikidearen inguruko hausnarketa zintzilikatu du argazkilari eta margolari barakaldarrak Zarautzen. Bera protagonista dituen erretratu ironikoak dira.

Alberto Palomerak (Barakaldo, 1962) argazkigintza, pintura, eskultura eta beste hainbat alor jorratzen ditu. Margolari zuen aita, eta etxean zein EHUn ikasi zuen berak arte ederrak. Gizaki garaikidearen odisearen inguruko Uliseonista argazki erakusketa du jarrita Zarauzko Photomuseumean (Gipuzkoa), otsailaren 14a arte. Bere buruari eginiko erretratuak dira: batzuetan biluzik agertzen da, baina beti kaskoa buruan.

Zergatik 'Uliseonista' izenburua argazki sail honentzat?

Neronek asmaturiko izena da, hiru hitzetan oinarrituta: Ulises, Homeroren Odisea-ko protagonistaren izen latinoa; Odiseo, haren izen greziarra; eta ilusionista, argazkiak egin nituen garaian ematen ari ziren filmetik hartua. Izan ere, Ulises, amarruaren maisutzat dute, ziklopearen eta beste hainbaten engainatzailea izan zelako.

Artista gisa, engainatzailetzat duzu zeure burua?

Artista guztiak dira engainatzaileak. Ilusionistak gara, lilura sortzen dugulako. Irudiak botereak izatea nahi dut, sorginduriko objektuak balira bezala. Ulisesek bidaia egin zuen sorterrira itzultzeko. Nik bidaia egin nahi dut, barnera itzultzeko. Bidaia kritikoa da gizaki garaikidearekin, ironikoa, umore apur batekin. Argazkiek hainbat interpretazio dituzte. Argazkietako protagonistak maskara erabiltzen du; ezin du kendu. Traje gorbataduna erabiltzen du, botere ikur gisa, baina maskara ezin du kendu. Genero indarkeria kritikatzen da argazkietan, hutsalkeria eta alferkeria.

Zergatik erretratatzen duzu zeure burua?

Asko kostatzen zaidalako modelo bati esatea hartzeko nik islatu nahi dudan jarrera. Saiatu naiz, baina oso nekagarria zait. Zer nahi dudan badakidanez, askoz errazagoa zait neronek adieraztea: jarrera alferra, erasokorra edo barregarria. Estudioko argazkiak dira, eta horietan garrantzitsuena da argia eta pertsonaiaren jarrera. Sail bat Apeles antzinateko margolariari eskaini diot: biluzik nago, zapi bat gorabehera. Margolariaren astoa arma gisa erabiltzen dut. Azkenean, oihalean gurutziltzaten naiz , sorkuntza eta artearekiko fede ekintza gisa; azken batean, soilik horretan sinesten dudalako.

Zuk antzezten eta erretratatzen duzun Ulises hori ez da soilik Homerorena, baita James Joycerena ere.

Gizaki modernoaren inguruko hausnarketa baino, gizaki garaikidearen ingurukoa da; azken hori, are suntsituagoa dago. Hutsalkeria asko dago, artelan gehiegi, asko oso hutsik. Arteak emozioz beterik egon behar du, bestela hutsik dago. Erakusketa askotara sartzen naiz, baina azkar egiten dut alde.

Galerien eta museoen paradisua dirudien Bilbon bizita, ez al da larria zuri hori gertatzea?

Gauza ugari dago ikusteko museo eta galerietan, baina askok ez dute funtzionatzen, ez hemen eta eta beste inon. Eta ez nabil amateurren gauzez, baizik eta profesional askoren lanez. Artistek ez dute arriskatzen. Erakusketetara sartu eta saiatzen naiz biluzten, gelditzen, zer esaten didaten entzuten, baina gauza askok ez didate ezertxo ere esaten. Erdipurdikeria asko dago. Horregatik esaten dut gizaki garaikidea deseginda dagoela.

No comments:

Post a Comment