Wednesday 13 January 2010

«Guggenheim dela eta, beti ikono deigarriak egin behar direla uste dute arkitektoek»

Iñaki Uriarte, arkitektoa.

Alfa eraikina, Eibar.



Euskal Herriko hiri zein landako industria arkitekturaren harribitxiak erakusteko diapositiba emanaldi-hitzaldia aurkeztuko du adituak gaur Oñatin, ikusleen begiak bestelako edertasun bati irekitzeko.

Askok lantegi zaharrak ikusten dituzten lekuetan, edertasun gardeneko eraikin baliotsuak ikusten ditu Iñaki Uriarte arkitektoak (Bartzelona, 1946). La industria, fábrica del paisaje diaporama erakutsiko du gaur, 19:30ean, Oñatiko Kultur Etxean (Gipuzkoa).



El Corte Ingles, Eibar. Argazkilaria: Asier Sarasua

Zure iritziarekin bat etortzea espero duzu azaltzean Eibarko Alfa fabrika zaharra ederragoa zela haren lekuan eraki duten El Corte Ingles berri distiratsua baino?

Azken urteotako hondamendirik handienetakoa da Eibarren Alfarekin egin dutena. Eibarren historia kontatzen zizun eraikin horrek, gizarte eta teknologia aldetik. Mugimendu modernoaren eraikin bikainenetakoa zen Iberiar penintsula osoan. Horren ordez eraiki dutena, komertziala, arrunta eta zentzurik gabea da. Izugarria da halako eraikin ederra suntsitzea antzeko bolumena duen saltoki bat egiteko; saltokia arazorik gabe eraiki ahal zen haren barruan. Horrek ez du ez hankarik ez bururik, eta litekeena da etxegintza eta beste interes batzuen ondorio izatea.

Ez al da logikoa lantegiak hirigunetatik ateratzea?

Saiatzen naiz paisaia eraikitzen duten eraikin horien alde negatiboaz haragoko errealitatea erakusten. Kutsadura konpon daitekeen gauza da. Erabat antiekologikoa da, berriz, kalitateko arkitektura duten erakin sendoak suntsitzea gero antzeko gauza bat eraikitzeko.

Arkitektura ere macdonalizatzen ari da Euskal Herrian?

Guggenheimek duen alderik txarrena da hori. Arreta erakartzeko ikono deigarriak egin behar direla uste dugu, haren ondorioz, eta berdin dio eraikina zertarako erabiltzen den. Horren adibidea da Durangoko tren geltokia: halako zerbait egitea geltoki soil baterako izugarria da; herri honetan eredu garaikide zoragarriak daude.

Zeintzuk dira gaur arriskurik larrienean dauden eraikin industrialak?

Edozein, egia esan. Lantegi bat krisian sartu, eta hurrengo egunean bota egiten dute. Min handiena egin didanetako bat Hofesa zen, Gasteizko Gamarran. Argazkia egiteko astirik ere ez zidan eman. Parean zegoen Gabilondo, beste zer edo zertarako erabiltzeko sekulako aukerak zituena. Prozesu bortitza da, eta ez dute gelditzen antza. Pasaiako Luzuriaga eraikin zoragarria da, baina ezkutuan egon da, herri barruan, ika-mika sortu den arte.

Halako ondarea aintzat ez hartzeak zer esaten du geure gizarteaz?

Gure kultur agintariek kultur eta sentikortasun falta handiak dituztela esaten digu horrek. Kultura gabezia, eraikin horietako asko izen handiko arkitektok eginikoak direlako, konposizio ona dute, eta arkitektura zibil edo erlijiosoari eskaintzen diogun arreta berdina merezi dutelako. Herritarrek, berriz, emozio gehiago sentitzen dute inongo baliorik ez duen baseliza bati begira, euren hiriaren erdian dagoen eraikin industrial esanguratsuaren aurrean baino. Horrez gain, ez dago legedia egokirik ondare hori babesteko. Are larriagoa da hori halako tradizio industrial handia duen herrialde batean.

Arazoa ez al da, hein batean, aberats berriek ez dutela gustuko zer izan diren gogoratzea?

Norbait bere herrialdearen iraganaz lotsatzen denean, beste arazo bat du: nortasun eza. Eta hori askoz larriagoa litzateke, erietxean tratatzekoa.


No comments:

Post a Comment