Wednesday 6 January 2010

«Hobe dugu aldaketa ondo hartu, bestela jan egingo gaituztelako txinatarrek»

Zigor Aldama, kazetaria.



Maitasunak eraman zuen gazte bilbotarra Txinara, eta, han, etorkizuneko mundu berria aurkitu zuen. Geroztik, Asia zertan den kontatzen du hainbat hedabideren bitartez.

Zigor Aldamak (Bilbo, 1980) Txinaren eta, oro har, Asiaren inguruko berri ematen du hainbat hedabidetan; besteak beste, BERRIAn. Shanghain (Txina) hasi du urtea.
Nola erabaki zenuen Txina eta Asia izango zirela zure lanaren gaiak?

Zori hutsez. Txolin samarra ematen du, baina amodioarengatik amaitu dut Txinan. Neska txinatar bat ezagutu nuen, eta haren herrialdea bisitatu nuen. 1999. urtea zen, eta ezin nuen sinestu ikusten nuena. Injeniaritza utzi eta Kazetaritzan izena ematea erabaki nuen. Ikusten nuena kontatu behar nuen.

Inoiz damutu al zara horren urrutira bizitzera joan izanagatik?

Inoiz ez. Hartu dudan erabakirik onena izan dela uste dut. Horregatik ematen dit lotsa pixka bat onartzea Txinara etortzea ez zela aldez aurretik pentsatutako kontua. Balio izan dit borborka ari den mundu bat ezagutzeko. Hazteko aukera eman dit, kazetari gisa zein pertsona gisa.

Duela urte batzuk esaten zenuen Txina oso herrialde erakargarria zela baina baita «nazkagarria» ere. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu?

Bai. Kontraste bortitzen herrialdea da. Gogorra da hemen bizitzea, gizartea oso materialista delako eta abiada bizian mugitzen delako. Jendea oso zikina da kalean, baina ikasten ari dira. Kutsadura arazo larria da, eta osasunean igartzen da. Horregatik, kutsadura garbitzera joan behar izaten dut Euskadira sei hilabetetik behin. Aldi berean, aldaketaren abiadarengatik da Txina munduko herrialderik interesgarriena. Bitxia da, Txinak duen garrantzia izanda, prentsan askoz arreta gehiago jartzen dugu AEBek interesak dituzten herrialdeetan; Iraken eta Afganistanen, esaterako. Euskaldunei herrialde horiek bost axola zaizkie, nahiz Txinak, eta Asiak oro har, gure bizitzan eragin zuzena duten, ekonomia globalarekin.

Txina munduan nagusi izango da XXI. mendean, AEBak II. Mundu Gerraren ondotik izan diren bezala. Nagusi okerragoa edo hobea?

Txinatarrentzat hobea izango da, aurretik ez badute planeta suntsitzen. Europarentzat eta AEBentzat, atzerakada izango da. Logikoa da: pastel bera dago, eta 1.400 milioi pertsonek eskubidea dute gurearen pareko mokadua hartzeko. Oraingoz, Txina ez da AEBak bezain gerrazalea nazioartean, baina askoz gogorragoa da bere mugen barruan. Kanpoan, kolonialismo ekonomiko isila nahiago du, dagoeneko Afrikan eta Latinamerikan ezartzen ari dena. Barruan, igitaia eta mailua erabiltzen ditu, buruak mozteko. Hori eramango al du atzerrira? Ez dut uste.

Txinaren garapena ez al da geldituko biztanleak Europako bizi eta heziketa kalitatera heltzen direnean?

Txinak gainditu du produktu merkeen garaia. Geroan, berrikuntzari ekingo diote, baina Mendebaldeak baino ekoizpen kostu txikiagoekin. Espaziontziak ere eraikitzen ditu. Hirietako gazteak gureak baino hobeto hezita daude. Laster, gure merkatuan izango dira, euren markekin, eta, orduan, kezkatzen hasi beharko dugu. Txinaren garapena gure gainbeherarekin lotuta dago.

Zubilana egiten duzu. Zer da euskaldunoi Txinaz ulertarazten zailena?

Zorionez, Euskal Herriak harreman dezente du Txinarekin, industriaren bidez. Baina oraindik kaiku samarrak gara haren eragina ulertzeko. Esaterako, Iñaki Badiolak proposatu zuenean Anoetari Beijing deitzea, jendea barrez hasi zen. Baina Arsenal taldeak dagoeneko Emirates Arenan jokatzen du. Aldaketari nola egiten diogun aurka erakusteko adibide bat da. Eta hobe dugu aldaketa ondo hartu; bestela, txinatarrek jan egingo gaituzte benetan.

Hor ere galdetuko dizute Europaz.

Alfer hutsak garela uste dute, eta haientzat denok gara «ameriketarrak». Euskal Herria zer den azaltzen diezunean, pentsakor geratzen dira, eta gero esaten dute: «Orduan, Shanghaiko auzo baten parekoak zarete, ezta?»

No comments:

Post a Comment