Tuesday 19 January 2010

«Artistak New Yorkera joaten dira, Pekingo giro izugarriaz konturatu gabe»

Edurne Gonzalez, artista.



Txinako hiriburuan bi hilabete eman du artista bizkaitarrak, artisten auzo batean, Judas Arrietak duen estudioan. Laurita Silesekin batera han eginiko lana jarri du EHUko Leioako campusean.

Edurne Gonzalez artistak (Sestao, Bizkaia, 1980) Trini Dinastia taldea sortu zuen iazko martxoan Laurita Silesekin, Pekinen. Judas Arrieta margolariak Txinako hiriburuan duen lantegian lan egiteko beka jaso zuten biek. Bi hilabete eta erdiko egonaldian eginiko lanaren laburpena ikusgai jarri dute EHUko Leioako campuseko erakusketa aretoan (Bizkaia), otsailaren 12a arte.

Zer eragin izan du Pekingo bizipenak zuen lanean?

Ikerketarako diru laguntzarekin ari gara EHUn. Txinara joan ginen norbera bere egitasmoarekin. Baina elkarrekin egon ginenez, eta estudioan zakur bat agertu zenez, Trini Dinastia taldea sortu genuen. Ez genuen inoiz pentsatu Txinara joatea. Arte munduko jendeak uste izaten du badirela beste leku interesgarriagoak; Londres eta New York, esaterako. Behin han egonda konturatu ginen sekulako giroa zegoela arte munduan. Pekingo barruti batzuetan artisten estudioak bakarrik daude.

Artistentzako ghetto bereziak egotea, osasungarria al da?

Gune zabalak dira. 718. barrutia, adibidez, Txinako artearen Disneylandia antzekoa da. Jendea ikustera joaten da. Gu 318. barrutian egon ginen, eta han ez dago bisitarik, lan giroa baizik. Bestelako jendeak arazo handiak ditu komunikatzeko, han jende askok ez dakielako ingelesez. Artistok, ordea, elkarrekin hitz egin ahal genuen, gure lanen bidez.

Zuk lur azpiko Pekin aztertu duzu. Azalgainekoa baino interesgarriagoa da?

Normalean ikertzen ez den espazioa da lur azpikoa, eta hori aukeratu dut doktore tesiaren gaitzat. Sobiet Batasunarekiko harremanak arriskuan zeuden garaian Maok eginiko bunkerrak aztertu ditut, eta metroan zein bestelako zuloetan sartu naiz. Pekin etengabe zabaltzen ari da, eta zuloak daude edonon. Lurpeko hiriaren inguruko bideoak eta argazkiak jarri ditut ikusteko.

Zertan bereizten dira Txinako artistak eta Europakoak?

Ez gaude horren urrun. Pintura asko egiten da han, baina gaurko artea ere lantzen da. Txina modan dago, eta ikusgarriena da ez dagoela halako alderik. Itzuliko ginateke; han ekoizpena askoz merkeagoa da. Hemen egin ezin ez duzuna egin dezakezu han.

No comments:

Post a Comment