Thursday 21 January 2010

«Ezker abertzaleak beti garesti ordaindu du borroka sozialaren eta nazionalaren prezioa»

David Zapirain, historialaria.

Argazkia: goiena.net



Ezkerreko abertzaletasunaren jatorri historikoa aztertzeko jardunaldiak egiten ari dira Pasaian. Pasaiako kasua adibide hartuta, borroka soziala eta nazionala nola uztartu ziren azalduko dute gaur.

David Zapirain historialaria da (Pasaia, Gipuzkoa, 1968). Besteak beste, Bandoleros vascos liburua idatzi du. Gaur Pasaian mintzatuko da, larunbata arte egingo dituzten Atzoko eta gaurko euskal ezkertiarrak jardunaldietan parte hartuko baitu. XX. mende hasieran, Pasaiko kaiaren inguruko langileen mugimenduaz jardungo du, 19:30ean, Trintxerpeko alkateordetzan.

Zein girotan uztartu ziren abertzaletasuna eta langileen borroka?

Langileek sekulako presioa jasaten zuten, baina ez soilik ugazaben aldetik, errepresiorik gordinena izan baitzuten. 1930eko maiatzaren 27an, 2.000 arrantzale eta senide manifestazioan abiatu ziren Pasaitik Donostiara, bi pankartarekin: seme-alabentzat ogia eskatzen zuten batan, eta lankideak askatzeko bestean, greban atxilotuengatik. Oinarrizko aldarrikapenak ziren. Guardia Zibilek tirokatu zituzten Ategorrietan: sei hildako eta zauritu asko. Hiru urte geroago, urrian, mugimendu orokorra izan zen Gipuzkoa osoan, Asturiasko Iraultzarekin elkartasunean. Sei edo zazpi egun iraun zuten istiluek Trintxerpen. Espainiako armadak hartu zuen auzoa, eta, kroniken arabera, 5.000 tiro egin zituzten. Sei pertsona hil ziren Trintxerpen.

Pasaiako adibideak balio al du Euskal Herriaren irudikapena egiteko?

Langile mugimendua puri-purian zegoen Europan. Hemen hartu zuen adierazpidea hori izan zen. Oso nahasketa berezia gertatu zen Pasaian: gehiengoa, antza, anarkista zen, buruzagiak komunistak, eta alkatetza ANVk lortu zuen.

Nola azal daiteke hori?

Arrantzaleen sindikatua CNTn sartu zen. Haiek deitu zioten Astigarribia komunistari buruzagitza osatzeko. Arrantzale ez zirenak, badirudi, STVn zeudela [gaurko ELA]. Lanak ezartzen zituen baldintzetan, askapen sozialak eta nazionalak bat egiten zuten. Hor sortu zen kultur politiko bat, gaur arte iritsi dena. Garai hartako Donostiako prentsak ongi jaso zuen izenburu batean: Trintxerpe es la Meca del Soviet Rojo. Donostiako apaizek sermoietan esaten zuten, Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan buruzagi komunistek euskal abizenak zituztela: Larrañaga, Astigarribia, Zapirain...

Ezker abertzalearen jatorri historikoa Pasaia bezalako lekuetan dago, hau da, bertako eta kanpoko langileak elkartu ziren lekuetan?

Bai. Arrasaten segur aski gauza bera gertatu zen. Interesgarria litzateke ikertzea kultura politiko hori nola sortu zen halako nahasketa guneetan. Langile euskaldunen eta kanpotarren harremana ona zen oro har. Pasaian tirabirak izan ziren, hasieran ez zutelako onartzen STV sindikatukoa izatea arrantzale izateko. Gero gainditu egin zuten hori.

Zapiraindarren ondorengoa izateak eraman zintuen historia ikertzera?

Ez, lanbidez naiz historialaria. Nire aitona eta zapiraindarren aita anaiak ziren. Haiek sortu zuten Euskadiko Alderdi Komunista. Gerra ondoren hutsik geratu zen Pasaia. Batzuk itzuli egin ziren gero. Beste batzuk nazien kontzentrazio esparruetan hil ziren. Salatariek eginiko 1.370 izeneko zerrenda beltzari esker ditugu gure herriko heroien izena. Ezker abertzalearen kultura politikoak sustrai luzea du. Emaitza izan du borroka soziala eta nazionala uztartu dituelako. Antolakuntza horren prezioa garesti ordaindu du. Orduko eta gaurko garaiak oso ezberdinak dira, baina lotuta daude, zalantzarik gabe, bi borroka uztartzen dituen kultura politikoa eta horregatik ordaindu beharreko prezioa aztertuz gero.

No comments:

Post a Comment