Friday 15 January 2010

«Jendeak moda negoziotzat dauka, prozesuaren bukaera baino ez duelako ikusten»

Igor Alustiza, moda diseinatzailea.




Giorgio Armanirentzat bi urtez lan egindako artista donostiarrak zelula amak inspirazio iturri hartu eta jantzi bilduma diseinatu du. Noventa Grados aretoan izango du ikusgai gaurtik otsailaren 20a arte.

Zelula amak gai gisa, moda erakusketa baterako. Horra Igor Alustiza diseinatzaileak (Donostia, 1971) Gipuzkoako hiriburuko Parte Zaharreko Noventa Grados galerian gaurtik otsailaren 20a arte ikusgai izango duena. Artistaren laugarren moda bilduma da.

Zelula amak gorputz barruko kontuak dira. Zergatik jantzi bilduma bat horren inguruan?

Gorputza erakusketa sail kolektiboarentzat egin dut hau, eta, gaia gorputza izanda, pentsatu nuen horren oinarria zelula amak direla. Horrez gain, irratian aditu nuen ile baten sustraitik ateratako zelula amekin metro koadro bat larruazal sor zezaketela. Zelula txiki batetik oihal oso bat lortzeko modua dago, beraz. Horretan oinarrituta hasi nintzen ni zati txikiekin, kristalekin eta, jantziak egiten.

Soinekoak egiteko kolorea ere deigarria da, azken finean gure amonen kulero eta titizorroek izaten zuten kolore bera aukeratu duzulako.

Haragi kolorea aukeratu nuen, nahita, gorputzarekin lotzeko. Gustatu egin zitzaidan kolorea, eta horretan garatu dut bilduma osoa. Zelula itxurako piezak kristalezkoak dira, eta jaka bat pinaburu zati txikiekin dago egina. Azken finean, pieza edo zelula txikiekin, jantzi oso bat garatu arte.

Zuk Enpresa Zientziak ikasi zenituen, EHUn. Negozio gisa ikusten duzu moda?

Alde komertziala beti hartu behar da kontuan, helburua horretatik bizitzea baita. Baina modaren barruan ikuspegi artistikotik oso gauza interesgarriak egiten dira eta jendeak askotan ez ditu ezagutzen. Donostian nire bildumaren aurrerapena jarri dut ikusgai. Jantzi batzuk, bideo bat, argazkiak eta ilustrazioak. Sorkuntza prozesua erakustea garrantzitsua iruditzen zait, eta, horregatik, jantziak gauzatu aurretik eginiko diseinuak erakutsi ditut. Jendeak prozesuko azkeneko partea baino ez du ikusten. Horregatik ikusten du jendeak moda kontu komertzial bat balitz bezala, negozio gisa. Erakusketaren bitartez jendeak ikus dezake alde komertziala egon daitekeela baina horren aurretik lan artistikoa ere badagoela.

2005ean, Euskal Herriko diseinatzaile berri hoberenaren saria eman zizuten, Modorra jaialdian. Zertarako balio izan dizu horrek?

Ezagutzera eman nau eta ateak ireki dizkit. Horren bitartez Madrilera eta Italiara joan nintzen. Italian ikusi nuen zelako industria handia dagoen han modaren inguruan.

Zer ikasi duzu Giorgio Armanirentzat bi urtez lan eginez?

Asko ikasi dut. Goi joskintzan aritzeko aukera izan dut, eta tailerrean aritu naiz. Diseinatzen duzunetik azken puntadaraino, prozesu guztia ikusten duzu. Esperientzia handiko emakumeak daude han tailerrean, eta haiei ikusiz, trikimailuak eta, azken finean, lanbidea ikasten dituzu.

Zertarako diseinatu inor gutxik jantziko dituen arropak?

Kasu honetan erakusketa bate-rako egin ditut. Moda mota bakoitzak bere helburuak eta lekua ditu. Erakusketan jarri ditu- danak bitxiak dira, ezberdinak. Ez dituzu kalean ikusi-ko; ez dituzu zertan kalean ikusi.

No comments:

Post a Comment