Tuesday 26 January 2010

«Bankuak eta bezeroak konplizeak dira; etxean daukagu espekulazioa»

Juan Garibi, banku zuzendaria.



Finantza sistemaren krisiari aurre egiteko, bankugintza etikoa alternatiba dela aldarrikatuko du Fiare Banku Etikoko buruak, gaur Donostian eta bihar Bilbon egingo dituen hitzaldietan.

Juan Garibi (Bilbo, 1973) Fiare Banku Etikoko zuzendaria da. Fiarek proposaturiko alternatiba azalduko du gaur, 19:30ean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, ekonomiaren krisiaren inguruan Erlijio Zientzietarako Goi Ikastegoak antolaturiko euskarazko jardunaldietan. Bihar, Bilbon ariko da, 19:00etan, Arrupe etxean.

Zertan bereizten da banku etiko bat ohiko bankuetatik?

Helburuan eta ondorioetan. Banku arrunt baten ondorio nagusia dirua irabaztea da, diru kooperatiba, bankua edo aurrezki kutxa izan. Ez dute beste ideologiarik. Banku etikoak ideologia du, irizpidea. Gure kasuan, pertsonak edo gizartea dira helburua, eta dirua tresna, ez alderantziz. Hori da gure irizpidea. Ekonomiaren tresna erabiltzen dugu bankua, pertsonari edo gizarteari laguntzeko. Banku etiko guztiak kooperatibak dira. Pertsona bakoitzak boto bat du, bankuan zenbat akzio edo diru duen gorabehera. Horrela lortzen dugu jakitea gizarteak zer nahi duen. Ez ditugu inbertsio funtsak edo kontsumorako maileguak. Ez da dibidendurik ordaintzen, hau da, ez dago irabazteko asmorik. Bezero guztiei berdin kobratu eta ordaintzen diegu. Soilik gizarte helburuak dituzten egitasmoetan inbertitzen dugu, eta publikoak dira horien izenak.

Gaurko krisiak aregotu egin du jendeak finantza sistemarekiko duen mesfidantza. Jendea zuengana bultzatu duela igarri al duzue?

Bai, alor guztietan. 2009. urtearen hasieran 640 bezero genituen, eta urte amaieran 1.100. %60 handitu gara, beraz. Lehen ere, jendeak entzuna zuen banku etikoaren inguruan, baina ez zuen aurrerapausurik egiten. Krisiarekin konturatu dira euren balioekin bat datorren erakundea aukeratu behar zutela. Jende asko etorri da dirua uztera, eta 21,5 miloi ingururekin amaitu dugu.

Izenarekin ere ez al diezue erronka jo beste bankuei? Izan ere, zuek etikoak bazarete, zer dira haiek?

Bakoitzak bere bidea bilatu behar du. Nafarroako Kutxak «bankugintza zibikoa» hautatu du. Banku etikoen irizpide batzuk ezarri dituzte, ez guztiak, ordea. Dena ezartzekotan, erakundea goitik behera aldatu beharko lukete. Santanderrek «funtsa etikoa» produktua sortu du. Ez dakit funtsa etikoagoa izango den, baina zure dirua erakunde horretan geratzen da. Kontsumitzailea ez da konturatu oraindik zer boterea duen, eta oraindik ez ditu egin beste herrialdetan gauzaturiko boikot kanpainak, Indian eta Hego Amerikan ordaintzen dituen soldatak igo ditzan, esaterako. Geroan, gardentasunez jokatu beharko dute bankuek, eta barneko ohiturak aldatu.

Eta, halere, duela gutxi salatu zuten bankuak berriz hasi direla krisira eraman gaituzten produktu arriskutsuak eskaintzen?

Ez dut korporatibo izan nahi, baina errazegia iruditzen zait bankuak horrela salatzea. Jendeak ez ditu produktu horiek erosten bankuek tentatzen dituztelako, haatik, bankuek sortzen dituzte gu horrelakoak garelako. Espekulazioa ez dago soilik bankuetan, guk daukagu geure etxeetan. Zein da zeure irizpidea bankuz aldatzeko? Etekina. Aldamenekoek baino gehiago eskaintzeko, gauza xelebreak egin behar dituzte bankuek, arriskatu. Bankuak eta bezeroak konplizeak dira.

No comments:

Post a Comment