Thursday 14 January 2010

«Hemengo eskoletako wifi uhinen maila legez kanpokoa litzateke Salzburgon»

Asier Arregi, uhin elektromagnetikoetan aditua.

Argazkia: goiena.net


'Wifia eskoletan: teknologia ez-kutsatzailea?' hitzaldia emango du gaur Zestoan erradiazio elektromagnetikoa aztertzen lan egiten duen eibartarrak, guraso talde kezkatu batek eskatuta.

Asier Arregi (Eibar, Gipuzkoa, 1974) ingeniari agronomoa da, Iruñean eta Lisboan ikasitakoa. Azken urteotan erradiazio elektromagnetikoen inguruko azterketa eta aholkularitza lanetan dabil. Wifi uhinek haurrengan izan ditzaketen ondorioez mintzatuko da gaur, 18:00etan, Zestoako kultur etxean.

Kezka areagotzen ari dela sumatzen duzu, lehen hezkuntzan ordenagailuak sartu behar direla eta?

Arduratutako guraso talde batek eskatuta hitz egingo dut Zestoan. Hainbat ikerketa egin dituzte gaiaren inguruan, eta emaitzak bi aldekoak dira: batzuek diote wifi uhinek eraginak dituztela, eta beste batzuek ezetz. Sobietar Batasunean Ameriketako Estatu Batuetan baino lehenago hasi ziren mikrouhinak ikertzen. Gerra Hotzaren garaian, AEBetako enbaxadari mikrouhinekin erasotzen zioten. Hiru enbaxadore eta langile asko gaixotu ziren. Gehienek barrabiletako minbizia izan zuten.

Wifi uhinek ez dute halako indarrik.

Europako Batasunak Reflex ikerketa egin zuen, eta lehenengo ondorioa izan zen uhin elektromagnetikoek DNA apurtzen dutela, geneetan aldaketak eragiten dituztela. Lo ezin egitea, buruko mina, estresa eta halakoak dira lehen sintomak, baina epe luzerakoak larriagoak dira. Ikerketa bertan behera utzi zuten, konpainia handien presiopean. Ikusten badituzu egin diren ikerketak, %60k diote uhinok eragin biologikoak dituztela, eta %40k ezetz. Gero aztertzen baduzu nork ordaindu dituen ikerketak, ikusten da emaitzak ezberdinak direla multinazionalek ordaindutako ikerketetan eta erakunde independenteek eginikoetan.

Uhin elektromagnetikoz inguraturik gaude. Zergatik kezkatu beharko genuke gehiago wifiarengatik?

Umetan eta zaharretan handiagoa da eragina. Kultur arazoa da: mikrobioen aurka desinfektatzailea erabiltzen dugun bezala, higiene elektromagnetikoa beharko dugu. Gero eta gaitz gehiago sortzen ari dira horren harira, baina sendagileek oraindik ez dituzte ondo diagnostikatzen guztiak. Dosia oso garrantzitsua da, baina loteria pixka bat ere bada. Baliteke zure besoak, buruak edo bihotzak durundatzea uhin batzurekin, eta beste batzuekin ez, tamaina eta bolumenaren arabera. Guruin pineala burmuinean dugu, eta gaua heltzen dela sumatzen duenean, argi gutxiago dagoelako, melatonina hormona sortzen du, eta lokartu egiten gara. Guruin horrek ez ditu bereizten argiaren, wifiaren eta sakelako telefonoaren uhinak. Erraz nahasten da.

Zer eragin dute eskoletan jartzen ari diren wifi sareek?

Eskola batean neurtzen ibil naiz, eta balioak nahiko handiak ziren. Hemengo legeak ezartzen dituen mugetatik oso urrun betiere, baina beste leku batzuetan legez kanpokoak lirateke. Salzburgon miliwatt bat metro koadroko da muga [Austria]; nik 20 miliwattetik gora neurtu nituen hemen, eta soilik sei ordenailu eramangarri zeuden piztuta.

Konponbide erraza duela diozu.

Kablea erabili eta kito. Eramangarriak argindarrera konektatu behar dira, beraz; ez da askoz garestiago izango sare kableak ere jartzea. Beldurra botereak erabiltzen du, jendea manipulatzeko. Ni ez noa jendea beldurtzera, baina eraginik ez dutela ezin da esan. Lau urteko alaba dut. Haurrekin esperimenturik ez.

No comments:

Post a Comment