Sunday 31 January 2010

«Iranen gizonezkoen aurrean abesteko debekuak gure sormena akuilatu du»

Mahsa Vahdat, musikaria.



Soilik emakumeen aurrean jo dezake abeslari teherandarrak bere herrialdean, lege erlijiosoengatik. Gaur Bilbon arituko da, bakarlari, poeta persiar klasikoei eta garaikideei ahotsa jartzen.

Mahsa Vahdat (Teheran, 1973) Iranen gizonezkoen aurrean kantatzeko debekua pairatu arren, abesteari utzi ez dioten emakumezko bakan horietako bat da. Marjan ahizparekin, tradizio persiarreko doinuei eutsi die, eta ondasun hori belaunaldi gazteei irakasten die. Gaur entzun ahalko da haren ahotsa, Bilbon, 20:30ean, Euskalduna jauregian.


Zer entzungo dugu gaur Bilbon?

Taldearekin eta, batzuetan, ahizparekin jotzen dudan errepertorioa, baina bakarrik arituko naiz, perkusioarekin. Daf tresna joko dut, laguntzeko. Persiako musika tradizionala interpretatuko dut, batez ere, Rumi eta Hafez poeten olerkiekin, duela 600 urte ingurukoak. Baina baita poeta garaikideenak ere.

Zertan bereizten dira poeta klasikoei eta garaikideei jartzen dizkiezun doinuak?

Klasikoen poemek berezko erritmoa dute, forma klasikoaren arabera. Modernoak, berriz, irekiagoak dira. Badute erritmoa, baina askeagoak dira. Klasikoen poema gehienak mistikoak dira, nahiz eta euren garaiko arazo politikoak aipatzen dituzte, oso garai ilunean bizi izan zirelako. Garaikideek, batez ere, gizarte arazoak jorratzen dituzte.

Bilbon gizon eta emakumez osaturiko entzuleriaren aurrean abestuko duzu. Iranen debekatuta duzu gizonezkoen aurrean abestea.

Iraultza islamikoaren ondotik, debekaturik dago emakumeok bakarkako kontzertuak ematea gizonen aurrean. Iranen ezin dut kontzertu ofizialetan jo gizonezkoen aurrean, soilik emakumeen aurrean. Baina bestelako emanaldietan, jotzen dut gizon eta emakumez osaturiko entzuleriaren aurrean.

Nola eragin dio horrek zure musikari? Sormena mugatu dizu?

Debekuak eragina du; baina, batzuetan, baita onerako ere. Kontzertu ofizialak ematerik ezin dugunez, beti bilatu ditugu saihesbideak emanaldiak antolatzeko. Halere, argi gera dadila ez nagoela batere pozik gaurko egoerarekin. Espero dut egun batean berdintasunez aritzerik izango dugula. Esan bezala, debekuak sormena akuilatzen du.

Mendebaldean ere arazoak dituzue artista irandarrek. Hori salatzeko hartu zenuen parte Lullabies from the axis of evil (Sehaska kantak gaizkiaren ardatzetik) diskoan?

Ez dut arazo larririk izan atzerrian jotzeko, nahiz eta batzuetan galdekatu egin nauten. Disko horretan parte hartuta, erakutsi nahi nion jendeari herrialde honetan ere, emakumeek eskubide berdinak ez izan arren, edertasuna sortu eta mirestu egiten dela. Sehaska kantak oso egokiak ziren horretarako, ederrak, naturalak eta oso emeak direlako. Inork ezin dio ama bati sehaska kanta abestea galarazi. Sinbolikoa zen.

Kantugintza irakasten diezu gazteei, Teheranen. Etorkizuna bestelakoa izango da zure ikasleentzat?

Hala espero dut. Liluratuta nago nire ikasleekin, ez dutelako egitasmorik etorkizunerako. Etortzen dira, eurentzat ikasteko edo kultur ondasuna euren familietan transmititzeko. Gure antzinako poetek ere, denek izan zituzten arazoak agintariekin. Horregatik, gurean, banakoak arduratu izan dira kultura transmititzeaz, duela 600 urte bezala, orain ere.

No comments:

Post a Comment