Tuesday 2 February 2010

«Erregeari galdetu nion zergatik ez zen bera joaten Irakeko gerrara»

Iñaki Anasagasti, Espainiako Senatuko kidea.



'Una monarquía protegida por la censura' liburuaz mintzatuko da EAJko kidea gaur Donostian. Espainiako erregearen negozioak eta horien inguruko isiltasuna aztertzen ditu.

Iñaki Anasagasti (Cumana, Venezuela, 1947) EAJko ordezkaria da Espainiako Senatuan. Una monarquía protegida por la censura liburuaz jardungo du gaur, 19:00etan, Donostiako Fnac saltokian. Espainiako erregearen inguruko lana da. Juan Carlos Borboikoaren negozio ezkutuak aztertzen ditu, besteak beste. Zentsura pairatu du lanak Espainian.

Zergatik erabaki zenuen liburua idaztea? Zergatik orain?

La Esfera de los Libros argitaletxeak eskatu egin zidan, 2007ko gertaeren harira. Nire blogean iruzkina egin nuen, El Jueves aldizkaria bahitu zutenean. Iruzkin gogorra zen, eta eztabaida handia eragin zuen. Hori abuztuan izan zen. Irailean Espainiako banderak eta erregearen irudiak erretzen hasi ziren. Bi hilabetez, eztabaida handia sortu zen errege familiaren inguruan. Liburua idatzi nuen, eta entregatu. Asko gustatu zitzaiela esan zidaten, eta 2008ko ekainerako argitaratuko zutela. Apirilean esan zidaten ezetz, ez zutela argitaratuko. Javier Ortiz kazetariak eskatu zidan originala, eta haren bitartez inprimatu da.

Baina hori baino lehen izan zenuen ika-mika bat borboitarrarekin, Irakeko gerra zela eta.

Aznarren gehiengo osoaren garaia zen. Irakeko gerra Legebiltzarrera eramatea nahi genuen, eta Aznarrek uko egiten zion. «Ez ezazue ahaztu ni militarra naizela eta gogoko dudala gerra», esan zidan erregeak. Galdetu nion zergatik ez zen bera joaten gerrara, edo bere semea bidaltzen, denok horretan nahastu beharrean. Harrituta geratu zen, ez dagoelako erantzun zuzenetara ohituta. Haren jarraitzaileetariko batek esan zidan erregea iraindu egin nuela. Esan nion gu ginela irainduak, esan zuena lerdokeria izan zelako, eta koldarra.

Dakizun guztia kontatzen duzu liburuan, ala autozentsura egon da?

Mamitsuena kontatzen dut. Baliteke xehetasunaren bat ahaztu izana. Errege jauregiko afari guztietara joaten nintzen, eta faltan sumatzen dut agenda bat eraman ez izana, gertatzen zen guztia idazteko, gauza asko gertatzen zirelako.

Halere, haren negozioez zein adiskideez hitz egiten duzunean, ez al zara apur bat azalean geratzen?

Derrigorrean, ezin dudalako datu zehatzik esan. Ezin da informaziorik lortu kontu auzitegietan, Konstituzioan ezarria dutelako erregeak erantzukizunik ez duela. Jakinak dira, ordea, haren negozioak.

Behar bezain helduta dago gaia Madrilen eta Espainian erregearen inguruko eztabaida zabaltzeko?

Nire ustetan, bai. Senatari batek liburua atera izana eta Alderdi Komunista sinadurak biltzen aritzea erregearen kontuak ikertzeko bada zerbait. Poliki trabak gainditzen joango garela uste dut.

Lana isiltzen saiatu dira, edo egilearen kontra jotzen?

Biak gertatzen ari dira. Aireportuetako liburutegietatik kendu ditu AENAk [Aireportuak kudeatzen dituen enpresa publikoa]. El Pais-k eta El Mundo-k ez diote lerro bat ere eskaini. Hau ere esan dute: «Anasagasti hau euskal abertzalea da, eta monarkiaren kontra doa, Espainiaren ideiari azpia jateko». Alderdi sozialistak horren gortezalea izaten jarraitzen duen bitartean oso zaila izango da estatuburua aukeratzeko prozedura demokratizatzea. Zaila, nazkatuko den belaunaldia sortu arte.

No comments:

Post a Comment