Tuesday 9 February 2010

«Artista gazteak teknologian murgilduta daude guztiz, eta ez dute ironiarako lekurik»

Vicente Roscubas, artista.
 


Duela 30 urte hasitako 'Superhéroe euskalduntzarra' eskultura amaitzen ari dira egunotan Vicente eta Fernando Roscubas artista bikiak, jendaurrean, Gasteizen. Gaur lana azalduko dute.

Vicente Roscubas eta haren anaia Fernando (Palma, Herrialde Katalanak, 1953) artistak Superhéroe euskalduntzarra lanaz mintzatuko dira gaur, 20:00etan, Artiumen (Gasteiz).

1970eko hamarkadaren amaieran hasi zineten lan hau egiten. Nola sortu zen ideia?

Euskal eskultura halako gauza zurrun bat zen. Guk zer edo zer ironikoagoa egin nahi genuen, arinagoa. Abstraktua egiten ari ginen, baina bagenuen gogoa figuratiboa egiteko. Gainera, poliesterra ezagutu berria genuen. Sekulako aukera sortu zen, eta ideia izan genuen pertsonaia sail bat egiteko, kirolari, supergizon eta euskaldunak.

Punkaren garaiak ziren, eta zuek matxinatu egin zineten Oteiza eta Txillidaren seriotasunaren aurka.

Bai, planteamendu zorrotz gabe, baina umorez betiere. Erakusketa bat ikusi eta zera pentsatzen genuen eskultura baten aurrean: «Ai ama! Badirudi honek aretoa lehertuko duela». Margogintzatik gentozenez, ez genuen lotsarik izan, geure burua eskultoretzat ez geneukalako.

Zergatik geratu zen amaitu gabe?

Erakusketa baterako egin genuen. Oso areto handia zen, eta lan asko egitea aurreikusi genuen. Ez zigun astirik eman, eta amaitu gabe eraman genuen. Gordeta eduki dugu garaje batean, baina beti aukera baten bila atera eta amaitzeko. Artiumen egitasmo bat dute, Praxis, non egileak jendaurrean egiten duen lan. Primeran etorri zaigu.

Ez al da porrota punk espirituarekin sorturiko lan bat museo batean amaitzea?

Guk punk edo underground hitzak ezagutzen ere ez genituen garaian, euskalduntasunarekiko errespetu gabezia zen gure akuilua. Ez da porrota museoan jartzea; haatik, sekulako poza ematen digu, nahiko era klasikoan egin genuelako. Tamainarengatik eta denboraz kanpokoa izateagatik museo baterako egokia zela pentsatu dugu beti.

Gaur egingo den irakurketa eta duela 30 urtekoa ezberdinak dira?

Artista gazteak erabat murgilduta daude teknologia berrietan eta zientzian, eta ironiarako eta mamirako leku gutxi dute. Gure superheroia orduan baino ironikoagoa ere izan daiteke gaur.

No comments:

Post a Comment